Deialdia toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta dago, eta eskabideak aurkezteko epea martxoaren 11n amaituko da.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, laguntzen deialdia argitaratu du, toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek mugaz haraindiko lankidetza jarduerak gara ditzaten, Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren arteko harremanak garatzen eta indartzen lagunduko dutenak.

Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte dago irekita, eta deialdiak 50.000 euroko zuzkidura du. Honako hauek jotzen ditu, besteak beste, diruz lagungarritzat: kirol arloko ekitaldiak, mugaz haraindiko esperientziak hedatzekoak, gazteak trukatzeko programak eta, oro har, hezkuntza programak, turismo edo merkataritza azoketan parte hartzea, eta mugaz haraindiko oztopoak hautemateko azterlanak. Berariaz kanpoan geratzen dira merkataritzako, irabazizko edo erabilera profesionaleko helburuak dituzten jarduerak, bai eta beste laguntza batzuen bidezko dirulaguntza jaso dutenak ere. Aurreko deialdietan finantzatutako beste proiektu batzuen berdinak diren proiektuak ere ez dira diruz lagunduko.

Erakunde bakoitzeko proposamen bat baino ez da diruz lagunduko, eta, hura hautatzen bada, bidaia gastuen eta jarduera egiteko gastu zuzenen % 100eko finantzaketa lortuko du, baina, gehienez, 5.000 euro emanen zaizkio. Eskabideak baloratzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aurkeztutako jarduera programaren kalitatea, mugaz haraindiko lankidetzaren intentsitatea, proiektuaren jasangarritasuna edo aurrekontua. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proposamenek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte 100etik.

Informazioko web mintegia

Deialdian parte hartu nahi duten erakundeek deialdiaren inguruko zalantzak argitu ditzaten, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak web mintegia antolatu zuen otsailaren 21ean, ostiralean, goizeko 11etan, deialdiari buruzko xehetasun guztien berri emateko.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak aurkeztu zuen saioa, eta Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak amaitu zuen. Honako hauek ere parte hartu zuten: Iñaki Martínez de Vírgala Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria eta Marina Roncal Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua. Gainera, 2024ko deialdian finantzatu ziren esperientzietako bi azaldu ziren: bata Eslavako Udalarena zen eta bestea, aldiz, ‘LABAJERA’ Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartearena.

Interesdunek izena eman behar zuten aldez aurretik, horretarako prestatutako lineako formularioaren bidez.

Informazioa