Estatu kideek aldeko irizpena eman diote Batzordeak nekazaritza erreserbako 98,6 milioi euro erabiltzeko egindako proposamenari, Espainia, Kroazia, Zipre, Letonia eta Hungariako nekazariei zuzenean laguntzeko, 2024ko udaberriaz geroztik fenomeno klimatiko kaltegarrien eta aparteko hondamendi naturalen eragina jasan baitute.
Batzordeak aparteko laguntza gisa 68 milioi euro emanen dizkio Espainiari, 16,2 milioi euro Hungariari, 6,7 milioi euro Kroaziari, 4,2 milioi euro Letoniari eta 3,5 milioi euro Zipreri.
Neurri horrek herrialde horietako nekazariei laguntza ematen lagunduko du, baldin eta ekoizpenean eta, horren ondorioz, diru sarreretan galerak izan badituzte. Zenbateko horiek erakusten dute EBk etengabeko elkartasuna duela ukitutako nekazariekin; eta, gainera, funts nazionalen % 200era arte osatzen ahalko dira.
Agintari nazionalek 2025eko irailaren 30a baino lehen banatu beharko dituzte laguntza horiek, eta nekazariak azken onuradunak direla zaindu beharko dute. Bost estatu kideek Batzordeari jakinarazi beharko dizkiote, beranduenik ere 2025eko maiatzaren 31n, neurrien betearazpenari buruzko datuak, baita banakako laguntzak emateko erabilitako irizpideak, neurriaren ustezko eragina, irailaren amaierara arteko hileko ordainketen aurreikuspenak eta eman beharreko laguntza gehigarriaren maila ere. Jakinarazpenean, lehia faltsutzea eta gehiegizko konpentsazioa saihesteko hartutako neurriak ere adierazi beharko dira.