Otsailaren 27an eta 28an, Ursula von der Leyen presidentea New Delhira joanen da, Komisarioen Elkargoarekin batera, Narendra Modi lehen ministroarekin eta Indiako Gobernuarekin biltzeko.
Aurrekaririk gabeko bisitaldia izanen da, eta Elkargoak agintaldi berriaren hasierako fasean egiten dituen lehenengoetakoa bat. Bisitak agerian uzten du EBren eta Indiaren arteko harremanek bultzada handia izan dutela, eta von der Leyen presidenteak Indiarekin agenda estrategiko berri bat iragarri ondoren gauzatuko da; agenda hori aurten aurkeztuko da, EBren eta Indiaren arteko goi bileran. Bisitak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela loturak indartzea Europako eta Indiako oparotasunerako eta segurtasunerako funtsezkoak diren eremuetan.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: «Lehia geoestrategiko handiko garai honetan, Europak irekitasunaren, lankidetzaren eta elkarrizketaren alde egiten du. Harremanak estutzen saiatzen ari gara gure lagun eta aliatu sendoenetako batekin; Indiarekin, alegia. Europa eta India antzeko bazkideak dira, eta biok uste dugu demokrazia dela herritarrei zerbitzu onena ematen dien sistema. Horregatik, Batzorde berriaren lehen bisitetako bat Indian izanen da. Gure elkartze estrategikoa indartzeko konpromisoa hartzen dugu, merkataritza, segurtasun ekonomikoa eta hornidura kate erresilienteak bultzatzeko asmoz, baita agenda teknologiko komun bat eta segurtasunaren eta defentsaren arloko lankidetza indartua ere».
Munduko demokraziarik handienetako bi izanda, Europar Batasunak eta Indiak konpromisoa partekatzen dute arauetan oinarritutako mundu ordenaren, multilateralismo eraginkorraren eta garapen jasangarriaren alde. 2004tik, India EBko bazkide estrategikoa izan da, eta 2022an haien arteko harremanen 60. urteurrena ospatu zen.