Batzordeak hauteskundeetarako komunikazio txostena argitaratu du, azaltzen duena nola aplikatzen ahal diren Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen hauteskunde jarraibideak hauteskunde prozesuetan.
Txostena erregulatzaile nazionalei zuzenduta dago –zerbitzu digitalen koordinatzailetzat hartzen direnak–, eta jarraibideak praktikan aplikatzeko moduari buruzko aholkularitza eta orientazioa ematen ditu.
Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen hauteskundeetarako komunikazio txostenak laburbiltzen ditu erregulatzaile nazionalek azken urtean hartu dituzten ikuspegi eta jardunbide onenak, lineako plataforma eta bilaketa motor handietan arriskuak arintzeko asmoz hauteskunde aldietan. Txostena jardunbide egokien multzo bat da, estatu kideetako erregulatzaileei laguntzen ahal diena lineako plataforma eta bilaketa motor handiekin egiten duten lanean, zenbait arriskuri aurre egiteko (hala nola gorrotoa bultzatzea, online jazarpena eta iritzi publikoaren manipulazioa), bai eta adimen artifizialak sortutako edukiei eta identitatea ordezteari ere.
Txostenean iradokizunak eta gomendatutako jardunbideak eskaintzen dira funtsezko lau eremutan: alderdi interesdunen kudeaketa, komunikazio eta alfabetatze mediatikoak, gorabeherei erantzutea, eta hauteskundeekin lotutako arriskuen jarraipena eta azterketa. Orientazio horiek emanda, txostenak indartu egiten ditu Batzordea eta estatu kideak EBko hauteskunde prozesuen osotasuna babesten laguntzeko egiten ari diren ahaleginak.
Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen hauteskundeetarako komunikazio txostena honako hauetan oinarritzen da: 2024ko martxoan lineako plataforma eta bilaketa motor handiendako argitaratutako hauteskunde jarraibideak , Desinformazioaren arloko Jardunbide Egokien Kodea aplikatzean lortutako esperientzia eta 2023ko irailetik Batzordeak agintaritza publikoekin, lineako plataforma eta bilaketa motor handiekin eta beste alderdi interesdun batzuekin hauteskunde osotasunari begira izan dituen prestaketa elkarrizketak.