Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko arduradunak parte hartu du Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Europa Taldeak EUROPE DIRECT Nafarroaren laguntzaz antolatu dituzten Europar Batasunari buruzko III. Olinpiadak hasteko ekitaldian
III. Olinpiadak NUPeko Tuterako campusean egin dira, eta horietan Nafarroako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dute, DBHko 4. mailakoek eta Batxilergoko 1. mailakoek. Ikasle horiek egungo ingurumen arazoetarako konponbideak proposatu dituzte saiakera baten bidez, eta aztertu dute nola eskuratu Nafarroak Europako enklabe paregabea izanda eskaintzen dituen aukera sozial eta kulturalak.
Alfaro lehendakariordeak azpimarratu duenez, “gaur egun daukagun erronka izugarria da, arazo asko daudelako: klima aldaketa bizkorra, biodibertsitatearen galera eta ingurumen krisi batean larriagotzen diren desberdintasunak”. Eta gaineratu duenez, “erronka larriagotu egiten da kontuan hartzen badugu gero eta politika ukatzaile gehiago daudela txoko bakoitzean infiltratuta, lider arduragabeekin, klima aldaketaren errealitatea ukatzearen alde egiten dutenak eta jarduteko premia gutxiesten dutenak”.
Europar Batasunari buruzko III. Olinpiadetan prestakuntza hitzaldiak, web mintegiak, tailerrak eta talde dinamikak egin dira. Horiei esker, gazteak hausnarketara eta ikaskuntzara bultzatu dira, eta tokiko prestakuntza eta ordezkaritza organoekin duten lotura indartu da. Ekintza horiek osagarriak izan dira akademikoen epaimahai batek baloratu beharreko saiakera bat idazteko lanean, eta irabazleak aukera izanen du lehiaketaren fase nazionalean parte hartzeko.