Kontseiluko presidentetzak eta Europako Parlamentuko ordezkariek behin-behineko akordio bat lortu dute hondakinei buruzko esparru zuzentarauaren berrikuspen espezifikoari buruz. Akordio horretan finkatzen dira EBk hemendik 2030era elikagaien hondakinak murrizteko dituen helburuak eta ehungintza jasangarriagoa, hondakin gutxiago sortzen dituena, lortzeko neurriak.

Akordioa bi erakundeek berretsi behar dute oraindik, onespen prozedura formalera igaro aurretik.

Bi legegileek asmo handiko helburu errealistak adostu zituzten 2030erako elikagaien hondakinen arloan:

  • eraldaketa eta fabrikazio hondakinak % 10 murriztea, 2021-2023 aldian sektore horietan sortutako elikagaien hondakinen batez besteko kopuruarekin alderatuta.
  • txikizkako merkataritzatik, jatetxeetatik, elikagai zerbitzuetatik eta etxeetatik datozen hondakinak per capita % 30 murriztea, 2021-2023 aldian sektore horietan sortutako elikagaien hondakinen batez besteko kopuruarekin alderatuta.

Helburu horiek dira EB mailan ezartzen diren lehenengoak. Giza kontsumorako seguruak diren eta saldu ez diren elikagaien borondatezko dohaintza ere aurreikusten du akordioak, elikagaien xahuketa murrizteko alderdi garrantzitsu gisa.

Behin-behineko akordioak arau harmonizatuak ezartzen ditu ehungintzako fabrikatzaileen eta moda marken ekoizleen erantzukizun zabalduari buruz: haien hondakinen erantzule izanen dira, eta tasa bat ordaindu beharko dute hondakinen bilketa eta tratamendua finantzatzen laguntzeko. Tasa hori produktuaren diseinuaren zirkulartasun eta jasangarritasun mailaren araberakoa izanen da.

Legegileek ehun-hondakinen gehiegizko sorrerari eta moda ultraazkar eta azkarreko praktikei heltzea adostu zuten, ehun-produktuak bizitza baliagarri potentziala lortu aurretik ez baztertzeko. Estatu kideek ekoizleek ordaintzen dituzten tasak egokitzen ahalko dituzte, ehungintzako produktuen erabilera denboraren eta iraunkortasunaren arabera.

Behin-behineko akordioak baldintza berdintasuna ezartzen du, eta enpresa guztiak sartzen ditu ekoizleen erantzukizun zabalduko araubideen aplikazio eremuan. Esparru bateratu horretan, enpresa guztiek, txikienek barne, ehun-hondakinak behar bezala tratatzeko behar diren baliabideak eta azpiegiturak eskuratzen ahalko dituzte.

Administrazio karga murrizteko, mikroenpresek beste urtebete izanen dute betebehar horiek betetzeko, ekoizleen erantzukizun zabalduko araubideak ezarri ondoren (guztira, 3,5 urte, arau berriak indarrean sartu ondoren).

Informazio gehiago