Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC) Seinale ahulak zientzian eta teknologietan – 2024 izeneko txostena argitaratu du. Bertan adierazten denez, Europa posizio nabarmena hartzen ari da garatzeko bidean dauden teknologien ikerketan, hala nola adimen artifizialean edo biki digitaletan. Hala ere, erronka batzuei egin behar die aurre, eta inbertsio estrategikoa behar du lehiarako abantailari eusteko.
Garatzeko bidean dauden teknologiei aurrea hartzea funtsezkoa da Europaren lehiakortasunerako; izan ere, arduradun politikoei aukera ematen die haien onurez baliatzeko eta eragin sozial, ekonomiko eta segurtasunekoei aurre egiteko.
Testuinguru horretan, JRCren txosten berriaren helburua da teknologia horietan egindako azken aurrerapenei buruzko ezagutzak ematea eta horiek gizartean izaten ahal duten eragina aztertzea. Metodologia kuantitatibo batean oinarritzen da, zeina diseinatu baita garapen teknologikoaren seinale ahulak edo oso adierazle goiztiarrak detektatzeko.
2024an detektatutako 221 teknologia berri aztertu ditu, guztira, 12 kluster tematikotan banatuta, hala nola biki digitalak, adimen artifiziala eta machine learning delakoa, IKTak, ziberosasunaren sektorea, mugikortasuna eta garraioa, ingurumena eta nekazaritza, energia, konputazio kuantikoa eta kriptografia.
Honako joera hauek aipatu ditu: jasangarritasuna eta ingurumen inpaktua azpimarratzea, diziplinarteko integrazioa sustatzea, AA eta ikaskuntza automatikoa hainbat eremu teknologikotan txertatzea prozesu tradizionalak eraldatzeko eta gaitasun berriak ahalbidetzeko, pertsonalizazioan eta zehaztasunean egindako aurrerapenak, inbaditzailea ez den eta oso inbaditzailea ez den heltzea, sistemak digitalizatzea eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzea, eta datuen segurtasunari eta pribatutasunari arreta handiagoa eskaintzea.