Europako Batzordearen ustez, Trump presidenteak proposatu duen elkarrekiko merkataritza politika norabide okerreko urratsa da. EBk konprometituta egoten jarraitzen du munduko merkataritza sistema ireki eta aurreikusgarri batekin, bazkide guztiei mesede eginen diena.

EBk munduko muga zerga txikienetako batzuk ditu, eta ez du inolako justifikaziorik ikusten Estatu Batuek esportazioen gaineko muga zergak handitzeko. Izan ere, muga zergak zergak dira. Halakoak ezartzean, AEBk bere herritarrak zergapetzen ditu, enpresendako kostuak handitzen ditu, hazkundea zapaltzen du eta inflazioa areagotzen du. Muga zergek ziurgabetasun ekonomikoa areagotzen dute eta munduko merkatuen eraginkortasuna eta integrazioa aztoratzen dituzte.

Munduko merkataritzak aurrera egin du arau aurreikusgarri eta gardenei eta muga zerga txikiei esker. Hainbat hamarkadatan, EBk bazkide komertzialekin lan egin du, hala nola AEBrekin, mundu osoko muga zergak eta beste merkataritza oztopo batzuk murrizteko. Irekiera hori indartzeko, arauetan oinarritzen den merkataritza sisteman konpromiso lotesleak ezarri dira, eta AEB konpromiso horiek ahultzen ari da orain.

EB munduko ekonomiarik irekienetako bat da, inportazioen % 70ek baino gehiagok zero euroko muga zerga baitute. Inportatutako salgaiei EBk aplikatzen dien batez besteko muga zerga munduko txikienetako bat da oraindik ere. Integrazio ekonomikoa eta merkataritza oztopoen desagerpena funtsezkoak izan dira Europar Batasunak arrakasta izan dezan.

Elkarrendako onuragarriak eta orekatuak diren merkataritza elkarteetan sinesten dugu, zeinak gardentasunean eta ekitatean oinarritzen baitira. Horregatik, EBk munduko merkataritza akordioen sare handiena du, baita bizkorren hazten dena ere. EBk negoziatu eta sinatu dituen merkataritza akordioak Estatu Batuenak halako hiru dira.

EBk irmo eta berehala erreakzionatuko du merkataritza aske eta justuari justifikaziorik gabeko oztopoak jartzen zaizkionean, baita muga zergak legezko eta diskriminaziorik gabeko politikak zalantzan jartzeko erabiltzen direnean ere. EBk beti babestuko ditu Europako enpresak, langileak eta kontsumitzaileak justifikatu gabeko muga zergetatik.

Informazioa