Parisen egindako Adimen Artifizialari (AA) buruzko Ekintzaren Goi Bileran, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak InvestAI jarri du abian, AAren inbertsioetarako 200.000 milioi euro mobilizatzeko ekimen bat, AAren gigafaktorietarako 20.000 milioi euroko Europako funts berri bat barne hartzen duena. AAren azpiegitura handi hori beharrezkoa da, AAren eredu konplexuagoak modu irekian eta elkarlanean garatu ahal izateko eta Europa AAren kontinente bihurtzeko.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak honako hau adierazi du: «AAk gure osasun laguntza hobetuko du, gure ikerketa eta berrikuntza sustatuko ditu eta gure lehiakortasuna bultzatuko du. AA hazkundearen motorra izatea nahi dugu, eta guztion onerako izatea. Europaren gure ikuspegiaren bidez egiten dugu, irekieran, lankidetzan eta talentu bikainetan oinarrituta. Baina are gehiago indartu behar dugu gure ikuspegia. Horregatik, estatu kideekin eta bazkideekin batera, aurrekaririk gabeko kapital bat mobilizatuko dugu InvestAIren bidez, AAren Europako gigafaktorietarako. Elkarte publiko-pribatu paregabe horrek, AArako CERN baten antzekoa denak, aukera emanen die gure zientzialari eta enpresa guztiei –ez soilik handienei– Europa AAren kontinente bihurtzeko beharrezkoak diren tamaina handiko eredu aurreratuak garatzeko».