Sare sozialak dira 16tik 30 urtera bitarteko gazteen informazio iturri nagusia, eta gazte gehienak lineako desinformazioaren arriskuen jakitun dira.
Horiek dira Eurobarometroaren Gazteriari buruzko inkestaren ondorio nagusiak, Europako Parlamentuak astelehen honetan argitaratu baitu.
Prezioen igoerak eta bizitzaren kostuak 16tik 30 urtera bitarteko gazteen % 40 kezkatzen dute. Inkestatuen heren batek uste du Europar Batasunak ingurumena eta klima aldaketa izan beharko lituzkeela ardatz datozen bost urteetan, eta % 31ek uste du egoera ekonomikoa eta enplegua sortzea lehentasunezkoak izan beharko liratekeela.
Hamarretik ia hiruk (% 29) EBk babes sozialari, ongizateari eta osasun-laguntzari lehentasuna eman diezaien nahi dute. Bost inkestatutatik batek baino gehiagok esan du honako hauek direla lehentasun garrantzitsuak: prestakuntza (% 27), etxebizitza (% 23) eta EBko defentsa eta segurtasuna (% 21). Espainiako inkestatuen arabera, EBk honako lehentasun hauek izan beharko lituzke datorren legealdian: egoera ekonomikoa, enplegua sortzea (% 41), etxebizitza (% 35) eta prezioen igoera (% 35).
“Europar gazteak eta haien kezkak entzutea funtsezkoa da Europako politikarientzat, legegileentzat eta demokraziarentzat. Gaur egungo gazteak kezkatuta daude prezioen igoeraz, klima aldaketaz, segurtasunaz eta lan ona aurkitzeko aukerez. Eta kezka horiei, hain zuzen ere, heldu behar diegu hartzen ditugun erabaki guztietan eta onesten ditugun lege guztietan. Bestela, ilusiorik gabeko belaunaldi bat galtzeko arriskua izanen dugu” baieztatu du Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak.