Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak hitzaldi bat eman du EBko Enbaxadoreen Urteko Konferentzian. Hitzaldiak aukera eman zion presidenteari EBko diplomazialariei eskerrak emateko beren lanagatik eta beraiekin iritziak trukatzeko Europar Batasunak kanpo politikan eta diplomazian dituen lehentasunei buruz.

Von der Leyen presidenteak munduaren izaera interkonektatua nabarmendu zuen: merkataritzaren, hornidura kate integratuen, kapital fluxuen edo komunikazio digitalaren bidez, mundua inoiz baino konektatuago dago. Hala ere, presidenteak aitortu zuen hiperglobalizaziorako joera zaharkituta geratu dela, eta egungo egoera azpimarratu zuen, mundu gogorrago batean: «Beldur handiak itzuli egin dira: klima aldaketarena, adimen artifizialarena, migrazioarena edo, besterik gabe, atzean geratzearena. Eta horrek munduaren gaietan ere badu eragina. Herrialdeak beren indar iturriak antolatzen ari dira bata bestearen aurka. Eta orain geopolitika hiperlehiakor eta hipertransakzionaleko aro batean gaude», adierazi zuen presidenteak.

Hala ere, von der Leyen presidenteak argi utzi zuen Europak bere jarrerari eutsi behar diola. Hau esan zuen: «Ziur nago, mundu asaldatu honetan, Europak egiten ahal duen onena dela zuhurtziaz jokatzea. Ez du erabakirik hartu behar emozioz edo bere garaian izan zenaren nostalgiaz. Aitzitik, erabakiak hartu behar dira egungo munduan komeni zaigunari buruzko iritzi kalkulatu batetik abiatuta».

Eta honako hau gehitu zuen: «Hauxe da mundu osoko gure bazkideei helarazi behar diegun mezua: Europarendako zentzua badu, Europak lortzen ahal du horrek funtzionatzea. Elkarrenganako begien bistako onurarik badago, zuekin konprometitzeko prest gaude. Eta gurekin lortutako akordioak ez du ezkutuko baldintzarik, gure interesak gardenak baitira». Izan ere, gure interesak beti dira gardenak».

Horregatik, EBk Atari Globalean inbertitzen jarraituko du eta, horrela, Mediterraneoko elkarteak indartuko ditu eta merkataritza libre eta justuaren onurak aprobetxatuko ditu.

Presidenteak aipatu zuen otsailean Indiara joanen dela Komisarioen Elkargoarekin, eta martxoan bilera bat eginen dela Hegoafrikarekin.

EB eta Ameriketako Estatu Batuak lotzen dituzten lotura historiko sendoak berretsi zituen. Azaldu zuen beste ezein ekonomia ez dagoela hain modu aurreratuan integratuta. Alde horretatik, honako hau adierazi zuen: «Gure lehenengo lehentasuna da gure interesak bat datozen eremu ugarietan lan egitea. Prest egonen gara behar denean gogorki negoziatzeko eta, ahal denean, irtenbideak aurkitzeko, edozein bidegabekeria konpontzeko eta elkarketa sendoago baten oinarriak ezartzeko». Baina, era berean, azpimarratu zuen EBk ez diola uko eginen bere interesak babesteari.

Presidenteak EBren eta Txinaren arteko harremana ere aipatu zuen, eta azpimarratu zuen Txina garrantzitsua dela bai bazkide komertzial gisa, bai EBrekin erronka komunei modu eraikitzailean aurre egiteko konpromisoa hartzen ahal duen bazkide gisa. Aldi berean, hau ere esan zuen: «Harreman hori berriro orekatu behar dugu, eta bermatu behar dugu gure merkataritza eta inbertsio harremanek zentzua izanen dutela Europarendako, bai ekonomiarendako, bai segurtasunarendako. Beraz, gure harreman ekonomikoa berrorekatzen jarraituko dugu, azken urteotan egin dugun bezala».

Ekialde Ertaineko egoerari dagokionez, von der Leyen presidenteak esan zuen «itxaropena itzultzen hasi dela –ahula bada ere–», eta nabarmendu zuen «eskualde osoko jendeak merezi duela itxaropen horrek berekin ekartzea egonkortasuna, bakea eta oparotasuna». EB Siriako, Libanoko eta Palestinako herrien emaile nagusietako bat da, eta, hori dela eta, eskualdean duen zeregin humanitarioa handitzen ari da: «Orain prest gaude gure konpromisoa areagotzeko eta berreraikitzeko beharrak aztertzeko. Eskualde horren etorkizuna berridazten ari da gaur», gaineratu zuen presidenteak.

Informazio gehiago