Batzordeak 39 proiektu berritzaile hautatu ditu EB osoan, ordezko erregaietarako azpiegitura ezartzera bideratuak. Garraiobide garbiagoetarako trantsizioa bultzatzeko ekimen horiek 422 milioi euroko inbertsioa izanen dute guztira, Ordezko Erregaietarako Azpiegiturarako Mekanismoaren bitartez emana. Hautatutako proiektuek honako hauek izanen dituzte helburu: elektrizitatea kargatzeko estazio publikoak instalatzea –ibilgailu astun eta arinetarako potentzia handiko megawatt-kargagailuak barne–, portuetan hidrogenoa hornitzeko estazioak eta lurreko instalazio elektrikoak garatzea, aireportuak elektrifikatzea eta itsas garraiorako ordezko erregaietarako (hala nola amoniakoa eta metanola) azpiegiturak hornitzea.

Inbertsio garrantzitsu hori bat dator EBk berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, airearen kalitatea hobetzeko eta Europako industrien lehiakortasuna indartzeko egiten dituen ahaleginekin.

Ordezko Erregaietarako Azpiegiturarako Mekanismoak etengabeko proposamen deialdi baten bidez jarduten du, eta urtean zehar proiektu berriak eta berritzaileak finantzatzea ahalbidetzen du aldizka. Oraingo deialdia 2024ko otsailaren 29an jarri zen abian, eta bere lehenengo ebaluazio txanda amaitu berri du. Hurrengo azken eguna 2025eko ekainaren 11 izanen da, eta deialdi horretarako hautatutako proposamenek geratzen den aurrekontua eskuratzen ahalko dute, hau da, 578 milioi euro inguru.

Apostolos Tzitzikostas Garraio eta Turismo Jasangarrien komisarioak honako hau adierazi du: «Orain babesten ditugun 39 proiektuek bizkortu eginen dute zero isuriko gure flotak hedatzeko beharrezkoa den birkargatzeko eta hornitzeko azpiegitura kritikoaren ezarpena. Oro har, ia 5.000 kargagune berri gehituko dituzte, 626 megawatt kargagailu barne, eta horrek herritarrei zero isuriko ibilgailuak aukeratzen lagunduko die, eta ingurumen garbiagoa lortzen».

Mekanismo hori funtsezkoa da EBk Europa barneko garraio sare osoan ordezko erregaien hornidura azpiegitura zabaltzeko egiten dituen ahaleginetan. Halaber, haren lehentasunak bat datoz ReFuelEU Aviation eta FuelEU Maritime erregelamenduekin. Erregelamendu horien helburua da aireko eta itsasoko sektoreak deskarbonizatzea, hurrenez hurren.

Hemen duzu finantzatutako proiektuei buruzko informazio gehiago.