Batzordeak informazio eskaera bat igorri dio Shein enpresari, Zerbitzu Digitalei buruzko Legeak emandako eskumenei jarraikiz.
Batzordeak Shein enpresari eskatu dio barne dokumentuak eta informazio zehatzagoa eman ditzala bere merkatuan legez kontrako eduki eta ondasunak egotearekin lotutako arriskuei buruz, bere gomendio sistemen gardentasunari buruz eta ikertzaile kualifikatuek datuak eskuratzeko aukerari buruz.
Gainera, Batzordeak Shein enpresari eskatu dio informazio zehatza eman dezala kontsumitzaileen babesarekin, osasun publikoarekin eta erabiltzaileen ongizatearekin lotutako arriskuak arintzeko hartutako neurriei buruz. Halaber, Batzordeak xehetasunak eskatu ditu erabiltzaileen datu pertsonalen babesari buruz.
Shein enpresak behar den informazioa eman beharko du 2025eko otsailaren 27an, beranduenez. Enpresak ematen dituen erantzunen ebaluazioan oinarriturik, hurrengo urratsak aztertuko ditu Batzordeak. Baliteke, beraz, formalki abiaraztea Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen 66. artikuluak aurreikusten duen prozedura.
Informazio eskaera lotuta dago Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen inguruan Shein enpresaren aurka egiten ari den ikerketarekin. Eskaera egin da, kalterik egin gabe Batzordearen koordinaziopean Kontsumitzaileak Babesteko Lankidetza Sarea gauzatzen ari den ikerketari; ikerketa horren helburua da jakitea Shein enpresak betetzen ote dituen Europar Batasuneko Zuzenbideari jarraikiz kontsumitzaileen babesaren arloan dituen betebeharrak. Eta horrek Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen esparruan Batzordea egiten ari den ikerketa osatzen du.
Batzordeak informazio eskaera bat igorri zion Shein enpresari 2024ko ekainaren 28an, jakiteko zer neurri hartu zituen enpresak Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen betebeharrak betetzeko, «jakinarazpen eta ekintza mekanismoa» dela eta. Mekanismo horrek balio du legez kontrako produktuen berri emateko eta hainbat arlotako informazioa emateko, adibidez, lineako interfazeen “eredu ilunak”, adingabeen babesa, gomendio sistemen gardentasuna, merkatarien trazabilitatea eta hura diseinutik bertatik betetzea.
Batzordeak komunikazio bat argitaratu du EBk merkataritza elektronikoa segurua eta jasangarria izan dadin dituen tresnei buruz. Komunikazioaren helburua da EBtik kanpoko merkatariek egiten dituzten balio txikiko inportazioen ondoriozko erronkei aurre egitea produktuaren bizi zikloaren fase bakoitzean eta Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen neurriak merkataritza elektronikoaren jardunbideei ere aplikatzea.