Irujo kontseilaria, Enerclusterrekin batera, hirugarren aldiz bildu da Europako Batzordearekin, Europan sektore berriztagarria legez hobeki babestu dadila eskatzeko.

“Nafarroak sektorean sinesten du, eta Europan erreferentziazko eskualde izaten jarraitu nahi du. Gaur, hirugarren aldiz, adierazi nahi dugu kezka handia dugula, sektoreak zalantzaz beteriko une asaldagarri bati egin behar baitio aurre. Enpresa handiak bezain garrantzitsua da tokiko hornidura-katea, baina indarrean dagoen neurri-multzoa ez da nahikoa. Legeak ez ditu babesten, eta ahalbidetzen du Txina, Asiako erraldoia, lehiakorragoa izatea”. Hala adierazi du Bruselan, Europako Batzordearen aurrean, Mikel Irujo Amezagak, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak.

Nabarmendu behar da ezen, testuinguru horretan, kaltea ez dela mugatzen soilik Nafarroako enpresa eta hornitzaileetara, Europa guztiari eragiten baitio. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) arabera, Txina artifizialki merkeak diren produktuak sartzen ari da 2006tik Europako merkatuan (“dumping” esaten zaio fenomeno horri), eta, hala, Txinako produktuen prezioak % 35 merkeagoak dira, ELGAko herrialdeetakoak baino. Horrek galerak eragin dizkie haren lehiakide nagusiei, eta oztopo nagusia bilakatu da sektoreko enpresa eta hornitzaileentzat.

Ildo horretan, “Haize-energiaren lehiakortasuna Europan” izeneko txostenean adierazten denez, praktika horrek, estatu guztian legez kanpokoa izan arren, zenbait bilioiko galera eragin du industrian 2019tik, % 85etik gorakoa. Halaber, Wind Europe atariak nabarmentzen duenez, osagaien esportazio nagusiak % 10 gutxitu dira 3 urtean, eta 2022tik 2021era 9.847 enplegu galdu dira Europar Batasunean.

Informazio gehiago