Laster beste deialdi bat ere argitaratuko da, erakunde horiek EBren politikak eta estrategiak hedatzeko ekintzak egin ditzaten

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak laguntzen deialdi bat argitaratu du, enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatu ditzaten, aukera izan dezaten kalitate handiagoko proposamenak egiteko Europako laguntzen deialdietan, laguntza horiek eskuratzea errazte aldera.

Deialdia atzo argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Gainera, datozen egunetan, beste deialdi bat argitaratuko da EBren politikak eta estrategiak hedatzeko ekintzak bultzatzeko, hura ere enpresei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendua. Kasu horretan, helburua da Nafarroako herritarrak gehiago inplikatzea EBn integratzeko prozesuan, eta hartan parte hartzea.

Bi deialdiak azaltzeko, ostiralean, otsailak 7, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak online mintegi bat antolatu du, eta aurkezle arituko da Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria. Halaber, parte-hartzaile hauek izanen dira: Silvia Ojer, Europako proiektuen bulegoko zuzendaria; Rodrigo Zardoya, Dédalo fundazioko zuzendaria; eta Gorka García, NAIR Centerreko zuzendari kudeatzailea. Rodrigo Zardoyak eta Gorka Garcíak azalduko dute nolako esperientzia izan duten beren erakundeek. Lehena onuraduna izan da EBren politikak eta estrategiak zabaltzeko deialdian, eta bigarrena, Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen deialdian. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek amaituko du jardunaldia.

Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak

Proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen deialdiaren laugarren edizioa da hau, eta, orain arte, 20 kudeatzaileren kontratazioa finantzatu du.  Guztira 240.000 euroko aurrekontua du, erdia 2025erako eta beste erdia heldu den urterako. Kontratu diruz lagungarriek berriak, lanaldi osokoak eta gutxienez 12 hilabetekoak izan beharko dute, besteak beste. Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da kontratazio bakoitzeko, eta erakundeek aukera izanen dute kudeatzaile bat baino gehiago kontratatzeko eskaera egiteko.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago, gaurtik martxoaren 3ra arte. Laguntzak emateko, zenbait irizpide hartuko dira kontuan, hala nola erakundeko langileen kopurua, kontratazioaren beharra eta helburuak, kontratatu nahi den profilaren egokitasuna, proiektuaren ideia eta konponduko duen arazoa, prestakuntza-jardueretan parte hartzea, eta lehenagoko deialdietan onuradun ez izatea.

EBren politikak eta estrategiak zabaltzeko deialdia

Bestalde, laster argitaratuko da EBren politikak eta estrategiak zabaltzeko eta komunikatzeko deialdia. 50.000 euroko zuzkidura izanen du 2025ean, enpresentzat (25.000 euro) eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat (25.000). Erakunde interesdunek itzuli beharrik gabeko laguntza bat eskuratzen ahalko dute, Europako Batzorde berriak 2025-2029 aldirako lehentasunezkotzat jo dituen gaiei buruzko ezagutzak zabaltzeko. Honako hauek dira lehentasunezko gaiak: Europako oparotasun eta lehiakortasun jasangarrirako plana, pertsonei laguntzea eta gure gizarteak eta eredu soziala indartzea, gure bizi-kalitateari eustea elikagaien segurtasunaren, uraren eta naturaren arloetan, gure demokrazia babestea eta gure balioak defendatzea, eta “Europa globala: ahalik eta etekin handiena ateratzea gure ahalmenari eta gure elkarteei” izeneko programarekin loturiko gaiak.

Laguntzaren bidez, egindako gastuen % 100 finantzatuko dira, eta gehienez ere 5.000 euro emanen dira. Gastuak 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egin beharko dira. Dirulaguntza emateko, zenbait alderdi hartuko dira kontuan, hala nola egin beharreko jardueraren deskribapena, aurreko deialdietan onuradun ez izatea, aurrekontua, erakunde eskatzailearen esperientzia eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa.

Laguntzen deialdi honen bosgarren edizioa da hau. Aurreko lau edizioetan, guztira 39 hedapen-ekintza finantzatu dira: jardunaldiak, biltzarrak, argitalpenak eta abar. Askotariko gaiak landu dira, hala nola berdintasuna, nekazaritzaren digitalizazioa, herritarren partaidetza, enplegurako prestakuntza eta osasunari buruzko Europako ikerketak.

Informazioa