Otsailaren 2an, igandearekin, hasi ziren aplikatzen Adimen Artifizialari buruzko Legearen lehen arauak. Horrek honako hau hartzen du barne: AAren sistemaren definizioa, AAn alfabetatzea eta AA erabiltzea debekatuta duten kasuen kopuru oso mugatu bat, EBrako arrisku onartezinak baitira; AAri buruzko Legean zehaztu da zein diren kasu horiek.

AAn berrikuntza errazteko, Batzordeak AAren sistemaren definizioari buruzko jarraibideak argitaratuko ditu. Haren xedea da industriari zehazten laguntzea software sistema bat AA sistema ote den.

Halaber, Batzordeak alfabetatze-praktiken gordailu bizia argitaratuko du, AA sistemen hornitzaileengandik eta ezarleengandik bilduak. Horrela, haien arteko ikaskuntza eta trukaketa sustatuko da, eta, aldi berean, bermatuko du erabiltzaileek AA teknologiak eraginkortasunez erabiltzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta ulermena garatzen dituztela.

AAri buruzko Legea betetzen dela bermatzen laguntzeko, Batzordeak AAren jardunbide debekatuei buruzko gidalerroak argitaratuko ditu, jardunbide horiek herritarren segurtasunerako eta oinarrizko eskubideetarako arrisku onartezinak baitakartzate.

Gidalerro horiek kontzeptu juridikoak azalduko dituzte eta erabiltzeko kasu praktikoak emanen, alde interesdunen ekarpenak oinarri hartuta. Ez dira lotesleak eta eguneratuko dira beharrezkoa denean. Batzordeak zenbait ekimen jarri ditu abian AAn berrikuntza sustatzeko, besteak beste, honako hauek: adimen artifizialeko berrikuntza-paketea, sortu berriko enpresei eta ETEei laguntzen diena, eta AAren etorkizuneko lantegiak, enpresa sortu berriek, industriak eta ikertzaileek beren IAko ereduak eta sistemak garatzeko behar duten potentzia informatiko masiborako sarbidea emanen dutenak.

Informazio gehiago