Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak online-mintegi bat antolatu du sektore horrekin, prentsa-askatasunari buruzko Erkidegoko legeriaz eta Europar Batasunaren laguntza-deialdiez aritzeko.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Bruselako Ordezkaritza Iraunkorraren bidez, online-mintegi bat antolatu du Nafarroako hedabideendako, Europar Batasunaren legeriari eta laguntzei buruz. Mintegi horretan, Ana Ollo lehendakariordeak nabarmendu du garrantzitsua dela “prentsa-askatasuna eta komunikabideen zeregina indartzea, Europa sendo baten eta demokrazia osasuntsu baten oinarrizko zutabeak baitira”. Gobernuaren izenean, Komunikazioko zuzendari nagusi Víctor Goñik eta Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek ere hartu dute parte saioan, eta bertan Europako Batzordeko bi adituk azaldu dute zertan den Komunikabideen Askatasunari buruzko Europako Erregelamendua (European Media Freedom Act) eta zer-nolako finantzaketa-aukera dituen Europako Batzordeak sektorean.  Ildo horretan, Ramón Salaverríak, kazetaritzako katedradunak eta Nafarroako Unibertsitateko IBERIFIER proiektuaren arduradunak, esplikatu du nolakoa izan zen Europako funtsak lortzeko aukera eman zien prozesua eta azaldu du zein diren behatoki horren helburuak, hots, informazioaren egiazkotasuna sustatzea eta fake news direlakoak detektatzeko tresnak ahalbidetzea.

Horrelako saioak egungo Kanpo Ekintzaren Planaren ardatzean daude –eta hala izanen da orain prestabidean dagoen bigarren planean ere–; izan ere plan horren bidez, Europa Nafarroara hurbildu nahi da, eta horretarako  gutxi gorabehera hilabetean behin prestakuntza saio batzuk antolatzen dira Nafarroako eragileendako interesgarriak diren Europako gai nagusiei buruz.  Hizpide dugun saioa ikuspegi instrumentaletik haratago joan da, gaia lotuta baitago Nafarroako Gobernuak gorrotoaren eta desinformazioaren diskurtsoei aurre egiteko egin duen departamentu arteko apustuarekin, horixe izan baita saioaren ardatza; izan ere, ildo hori Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak gidatzen duen II. Bizikidetzaren Planean ere txertatuko da, eta beste zuzendaritza batzuetan ere lantzen ari da, hala nola Migrazio Politiketan edo Komunikazioan.

Ana Ollok azaldu duenez, saio honek “garrantzi berezia du gaur egun munduak bizi duen egoeraren aurrean: prentsa askatasunaren eta demokraziaren bermatzaile. Europa sendo bat eta demokrazia osasuntsu bat nahi baditugu – esan du lehendakariordeak –, komunikabideak funtsezkoak zaizkigu informaziorako eskubidea bermatzeko, gure gizartearen oinarrizko eskubideetako bat baita, eta gaur egun arrisku nabarmenean jarri dute bai nazioarteko egoera ekonomiko eta politikoak, bai fake newsek, bai beste inguruabar batzuek  Inork ezin du gai hori alde batera utzi”, adierazi du.

Nafarroako Gobernuaren Europar Batasuneko Bulego Iraunkorreko Iñigo Uhartek moderatu ditu eztabaida eta galderen txanda eta, ondotik, Sergio Pérezek, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak, bukaera eman dio ekimenari honako hau azpimarratuz: “Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia sortu zenetik, lanean aritu gara Europan Nafarroa gehiago eta Nafarroan Europa gehiago lortzeko eta horixe izanen da gure lehentasunetako bat Nafarroako Kanpo Ekintzaren 2025-2028ko II. Planean ere; beste mintegi batzuk etorriko dira, eta beste gai interesgarri batzuei buruz arituko gara, hala nola mugaz gaindiko laguntzen deialdiez, Europaren ideia zabaltzeaz… Lehen planaren indarraldian, 2021etik 2024ra bitartean, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak, Bruselako Ordezkaritza Iraunkorraren bitartez, guztira 38 online-mintegi antolatu ditu, eta haietan 2.500 lagunek hartu dute parte.

Informazioa