Batzordeak abian jarri du jendaurreko kontsulta ireki bat Europako automobil-industriaren etorkizunari buruz. Kontsultak Europako automobil-industriaren etorkizunari buruzko elkarrizketa estrategikoa babesten du, zeina urtarrilaren 30ean abiatu baitzen, Ursula von der Leyen lehendakariaren gidaritzapean.
Europako automobilen eta horniduren industria trantsizio sakon eta disruptibo betean dagoen honetan, elkarrizketa estrategikoak estrategia eta irtenbide zehatzak diseinatuko ditu Europako automobilgintzaren lehiakortasuna bultzatzeko munduan.
Elkarrizketaren helburua da Europako automobil-industriako eragileekin, gizarte-solaskideekin eta interesa duten beste alderdi batzuekin batera lan egitea, erronka nagusien eta balizko konponbideen ikuspegi partekatua izatearren eta ikuspegi hori neurri zehatzetara eramatearren. Elkarrizketaren emaitzak automobilgintzaren sektorerako ekintza-plan bat egiteko lanen abiapuntu izanen dira; plana martxoaren 5ean aurkeztuko da, eta Garraio Jasangarriaren eta Turismoaren komisarioa izanen du buru: Apostolos Tzitzikostas.
Elkarrizketa estrategikorako lagungarria izanen den kontsulta publiko honetan, parte-hartzaileak adoretu nahi dira beren iruzkinak plazaratzera zenbait gai nagusiri buruz; izan ere, automobilgintzaren industriak Europan etorkizun sendoa izan dezan premiaz ekin behar zaiela antzeman da. Kontsulta otsailaren 13ra arte egonen da zabalik. Parte-hartzaileek hemen eskura dezakete kontsulta-prozesuari buruzko informazio gehiago.