Europako Kontseiluak Memoriaren eta historiaren hezkuntzako alde anitzeko ikuspegia herritartasun demokratikorako izeneko txostena aurkeztu du. Txosten horretan, Nafarroa “memoria historikoaren kudeaketaren arloan jarraitu beharreko adibide” gisa aurkezten da, funtsean, “Memoria duten Eskolak, Bakea Eta Bizikidetza Lantzen” programa ezartzeari esker, bai eta azken urteotan Nafarroako Gobernuak programa horrekin lotuta garatu dituen jarduera ugariei esker ere.
Txostena Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarreko Kultura, Zientzia, Hezkuntza eta Komunikabideen Batzordearen barruan prestatu da, eta Luz Martínez-Seijo Espainiako diputatua izan da txostengilea. Martínez-Seijo andrea Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarreko kide da Europako Batzordean, Sozialista, Demokrata eta Berdeen Taldearen aldetik, eta asteazkenean bera arduratu zen txostena jendaurrean aurkezteaz Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren osoko bilkuran.
Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak txostena onetsi du gehiengo handiz: aldeko 110 boto eta kontrako 10 boto. Bertan, azpimarratzen da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Memoriaren Institutua sortu zuela 2018an, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren barruan, errepresio frankistaren biktimen aitorpenean oinarritutako memoria politika publikoak sustatzeko, Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta. Eta “Memoria duten Eskolak, Bakea Eta Bizikidetza Lantzen” programa nabarmentzen du, Nafarroako Gobernuaren programa dela eta lau helburu nagusi dituela adierazita: iragana argitzea, eragindako kalteak konpontzea, bizitza soziala eta politikoa normalizatzea eta bakearen kultura sustatzea. Hori lortzeko, txostenak azaltzen duenez, Nafarroak lan egin du irakasleak prestatzeko, jarduerak programatzeko, ikerketa eta dibulgazio zientifikoko proiektuak sustatzeko eta inplikatutako ikastetxeen sarea sortzeko. “Memoria duten eskolak” proiektuarekin analogia eginez, txostenean aipatzen da, halaber, memoria duten espazioak sortu direla Nafarroan memoria lekuen sare gisa. Proiektu horrek begirada kritikoa ematen die 1936ko estatu kolpearen ondoren eta frankisten diktaduraren 40 urteetan indarkeriaz bete ziren Nafarroako lekuei.