Batzordeak jendaurreko informaziorako hainbat deialdi egin ditu Zero Emisio Garbiko Industriari buruzko Legea aplikatzeko legegintza eratorriko lau proiekturi buruz. Lege horren helburua da Europa osoan teknologia garbien sektorearen lehiakortasuna sustatzea.

Hiru egintza eratorriek eta betearazpeneko batek enpresei eta botere publikoei lagunduko diete identifikatzen zer proiektu mota diren egokiak baimenak emateko prozesuak azkarragoak izateko eta «zero emisio garbiko proiektu estrategikoak» izateko. Halaber, lagundu eginen dute bermatzen Zero Emisio Garbiko Industriari buruzko Legearen aplikazioa koherentea eta gardena dela estatu kide guztietan, batez ere ebaluazio irizpide komun batzuei esker, bai eta erregelamenduak automatikoki babesten dituen funtsezko teknologia garbien osagaien zerrenda bati esker ere.

Egintza juridiko horiek osagai nagusien zerrenda bat ere ezartzen dute, eta horien hornidura dibertsifikatu egin beharko da kontratazio publikoaren, energia berdearen enkanteen eta beste laguntza sistema batzuen esparruan, neurri handi batean EB hornidura iturri bakarraren mende dagoen kasuetan. Energia berriztagarrien enkanteen kasuan, egintza horiek modu zehatzagoan definitzen dituzte prezioarekin loturarik ez duten irizpideak, hala nola jasangarritasuna, erresilientzia, zibersegurtasuna eta entrega epeak. Hori funtsezkoa izanen da, batetik, EBk deskarbonizazioa ahalbidetuko duten teknologien hornidura iturriak dibertsifikatzeko egiten dituen ahaleginei laguntzeko, eta, bestetik, energia garbien sektorean ekoizpen nazionala sustatzeko eta inbertsio garbiak Europara erakartzeko.

Kontsultak ikusten ahal dira «Esan zer pentsatzen duzun» atarian (hemen, hemen, hemen eta hemen). Ekarpen horiek lagungarriak izanen dira Batzordeak egintzak presta ditzan. Betearazpen egintzei dagokienez, estatu kideek eman behar dute horien gaineko botoa, eta, egintza eratorriei dagokienez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak haien kontrola egin behar dute, erabat onetsi aurretik.

Informazio gehiago