Eurostat Europar Batasuneko estatistika bulegoak Europar Batasuneko 27 herrialdeetako eta beste herrialde batzuetako egungo lanbide arteko gutxieneko soldataren egoera argitu du.

Gutako gehienok, seguruenik, noizbait planteatu izan dugu nola alderatzen diren gure soldatak beste herrialde batzuetako soldatekin, eta eztabaida sutsuak sortzen dira gainera horren inguruan. Lanbide arteko gutxieneko soldatak abiapuntu egokia dira horrelako alderaketak egiteko, herrialde bakoitzeko lan merkatuaren baldintzen ikuspegi orokorra eskaintzen baitute.

Eurostatek sei hilez behin argitaratzen du lanbide arteko gutxieneko soldatei buruzko txostena, urtarrilaren 1eko eta uztailaren 1eko egoera islatuz, urtero. Azken txostenak 2024ko datuak eskaintzen ditu, eta Europar Batasuneko 27 herrialdeen eta herrialde hautagai gehienen (Turkia, Serbia, Montenegro, Albania, Iparraldeko Mazedonia, Moldavia eta Ukraina) kasuak alderatzen ditu, baita Ameriketako Estatu Batuetakoa ere.

Lanbide arteko gutxieneko soldata da enplegatu batek, egindako lanaren truke, jaso dezakeen ordainsaririk baxuena. 2018an, Europar Batasunean lanbide arteko gutxieneko soldata zuten hamar langiletik zazpik zailtasunak izan zituzten hilabete amaierara iristeko. Aintzat hartu behar da, gainera, Europako zenbait herrialdetan % 10etik gorakoa dela lanbide arteko gutxieneko soldata besterik irabazten ez duten langileen portzentajea.

Eurostat 2024 txostenak hiru taldetan sailkatzen ditu herrialdeak, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera:

Hilean 1.500 eurotik gorako lanbide arteko gutxieneko soldata (Luxenburgo, Irlanda, Herbehereak, Belgika, Alemania eta Frantzia); hilean 1.000 eta 1.500 euro arteko lanbide arteko gutxieneko soldata (Espainia, Eslovenia); eta hilean 1.000 euroko edo hortik beherako lanbide arteko gutxieneko soldata (Zipre, Polonia, Grezia, Portugal, Malta, Lituania, Kroazia, Estonia, Txekia, Eslovakia, Errumania, Letonia, Hungaria, Bulgaria).

Europar Batasuneko estatuetako lanbide arteko gutxieneko soldata baxuena Bulgariakoa da (477 euro), eta, altuena, Luxenburgokoa (2.571 euro).

Azterketa egiteko, Eurostatek “erosteko ahalmenaren estandarra” izeneko moneta unitate artifiziala ere sortu du, herrialdeen arteko prezio mailan oinarritutako alderaketa zehatzagoa egiteko. Erosteko ahalmenaren estandarraren arabera, aurreko taldeak apur bat aldatu egiten dira:

1.250 eurotik gorako lanbide arteko gutxieneko soldata (Luxenburgo, Alemania, Herbehereak, Belgika, Frantzia, Irlanda, Polonia, Espainia, Eslovenia);

1.000 eta 1.250 euro arteko lanbide arteko gutxieneko soldata (Errumania, Lituania, Grezia, Kroazia, Zipre, Portugal, Malta); eta 1.000 eurotik beherako lanbidera arteko gutxieneko soldata (Hungaria, Txekia, Eslovakia, Estonia, Letonia, Bulgaria).

Erosteko ahalmenaren estandarra aintzat hartuta ere, Bulgaria da beheko muturreko herrialdea (799 euro), eta Luxenburgo, goiko muturrekoa (1.912 euro).

Informazio gehiago