Aurten ere, Nafarroako Gobernuak bat egin du Holokaustoa Oroitzeko Nazioarteko Egunarekin, kontzentrazio eta deuseztatze esparru nazietan erail zituzten pertsona guztiak gogoratuz, batez ere erbestera behartuta joan ondoren esparru horietan amaitu zuten nafarrak.
Kontzentrazio esparru nazien askapenaren 80. urteurrenarekin bat, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua, Kultura Ministerioarekin batera, zenbait ikastetxeren bisita antolatzen ari da Buchenwald kontzentrazio esparrura, aurtengo apirilerako. Zehazki, bost autonomia erkidegoetako ikastetxeak joanen dira: Katalunia, Madril, Euskal Autonomia Erkidegoa, Valentziako Erkidegoa eta Nafarroa. Nafarroatik, bi ikastetxek parte hartuko dute: Martzillako IES Marqués de Villena eta IES Iturrama BHI. Bi ikastetxe horiek urteak daramatzate Memoria eta Bizikidetzarako Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuak bultzatzen duen “Memoria duten Eskolak” programan lanean. Ikasturte honetan, aipatu ikastetxeetan eta beste batzuetan ere, kontzentrazio esparruen askapenaren 80. urteurrenarekin bat etorriz, bertatik igaro ziren espainiarrekin lotutako hezkuntza jarduerak eta proiektuak garatuko dira, helburu hartuta indarkerian oinarritutako erregimenek biztanleria zibilarengan izandako ondorioak aztertzea. Horren aurrean, giza eskubideen eta bizikidetzaren aldeko apustu irmoa egin behar dugu, biktimen memoriaren oroitzapena oinarri hartuta.
Nafarroako gazteek, Weimar eta Erfurt hiriak ezagutzeaz gain, Buchenwald kontzentrazio esparrua ezagutuko dute, eta bertan omenaldia eginen diete esparru horretatik igaro ziren 600 espainiar baino gehiagori, haien artean, hamar bat nafar. Era berean, “Jorge Semprún, Europako bizitza XX. mendean” erakusketa bisitatuko dute eta memoriaren zuhaitzak landatuko dituzte kontzentrazio esparrurantz doazen bideetan.