Martxoaren 7an eginen da, Iruñeko Golem Yamaguchi zineman, Europako Parlamentuak urtero ematen duen LUX Ikusleen Sarirako 2025eko film finalisten lehen proiekzioa. Film luzeak apirilaren 4ra bitartean proiektatuko dira.
Nafarroako hiriburuan ez ezik, Madril, Bartzelona, Sevilla, Gijon, Almeria, Salamanca, Segovia, Tarragona, Zamora, Santiago de Compostela, Santander, Alfaro (Errioxa), Canet de Mar (Bartzelona), Sant Pol de Mar (Bartzelona), Torrent (Valentzia) eta Alziran (Valentzia) ere proiektatuko dira LUX Ikusleen Saria jasotzeko finalista moduan hautatu diren bost filmak. Europako Parlamentuak apirilean antolatuko den ekitaldi batean iragarriko du irabazlea.
Hona hemen aipatu herri eta hirietan 70 aldiz baino gehiagotan eskainiko diren filmak: “Animal”, Sofia Exarchou greziarrarena; “Dahomey”, Mati Diop frantses-senegaldarrarena; “Flow”, Gints Zilbalodis letoniarrarena; “Intercepte”, Oksana Karpovych ukrainarrarena; eta “Julie Keeps Quiet”, Leonardo van Dijl belgikarrarena.
Filmek askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola genero berdintasuna, nortasun kulturala, lanaren presioa, turismoa, desinformazioa edo Lurra planetaren suntsiketa.
Proiekzioen antolaketa
Proiekzio ziklo honen barruan, Europako Parlamentuaren Espainiako bulegoa arduratuko da Madrilgo Embajadores zinemetan martxoan eta apirilean eginen diren emanaldiak antolatzeaz.
Gainontzeko proiekzio gehienen antolaketaz, berriz, Europe Direct bulegoen sarea arduratuko da. Filmak zinema aretoetan –batez ere Europa Cinemas sarekoak– eta udal zein autonomia erkidegoen zentro publikoetan proiektatuko dira.
Azkenik, Europe Direct Comunitat Valenciana erakundearekin lankidetzan antolatuko dira pasa den urriko tanta hotzak kolpatutako Torrent eta Alzira udalerrietako proiekzioak.
Testuingurua
Europako Zinemaren LUX Ikusleen Saria Europako Parlamentuaren eta Europako Zinema Akademiaren ekimena da, eta Europako Batzordearekin eta Europa Cinemas sarearekin lankidetzan antolatzen da. Sariak politikaren eta herritarren arteko loturak indartu asmo ditu eta, hala, ikusle europarrak protagonista eraginkor izatera gonbidatzen ditu, beren film gogokoenen aldeko botoa emanez.
Urtero, irabazlea hautatzeko, uztartu egiten dira ikusleen zuzeneko kalifikazioa eta Europako Parlamentuko diputatuena, alderdi bakoitzak % 50eko pisua izanda saria irabazteko film hautagai bakoitzaren amaierako puntuazioan.
Ikusleek apirilera arte izanen dute filmak puntuatzeko aukera webgune honetan. Botoa ematen duten ikusleen artean, zenbait sari zozketatuko dira, besteak beste, sariaren entrega ekitaldira joateko aukera, Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan.
Hiri bakoitzeko proiekzio zikloen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen Europe Direct erakundearen webgunerako esteka.