Europako Parlamentuko presidenteak, Ursula Von der Leyen-ek, 2024ko azaroaren 27an iragarri zuen moduan, Europako Batzordeak elkarrizketa estrategiko bati ekinen dio urtarrilaren 30ean, Europako automobilgintza industriarekin, gizarte solaskideekin eta beste funtsezko alderdi interesdun batzuekin. Ekimen horrekin, Europako oparotasunerako ezinbestekoa den sektore baten etorkizunarekiko duen konpromisoa azpimarratu nahi du Europako Batzordeak, aldi berean klima helburuak eta gizarte helburu orokorrak sustatzen dituen bitartean.

Batzordeak premiazko ekintzak behar direla aitortu du, Europako automobilgintza industria babesteko eta Europar Batasunaren barruan etorkizun bat izan dezan. Von der Leyen presidentearen zuzendaritzapean, elkarrizketa estrategikoaren helburua da industriako agenteak, gizarte solaskideak eta alderdi interesdunak biltzea, elkarrekin erronkak ulertu, irtenbideak garatu eta neurri zehatzak hartu ahal izateko. Europako Batzordearen barruan, Tzitzikostas komisarioari eskatu zaio sektore horretarako ekintza plana egin dezan, eztabaida hauei onura aterata.

Elkarrizketa estrategikoa Von der Leyen presidenteak zuzenduko du, eta aldian behingo bilerak antolatuko dira industriako ordezkariekin (fabrikatzaile eta hornitzaileak), gizarte solaskideekin, komisarioekin eta beste alderdi interesdun batzuekin, sozietate zibilekoak barne. Bileren ondoren, gaika banatutako lantaldeek proposamen xehatuak aurkeztuko dituzte. Kontsulta zabalagoak ere eginen dira, industria osoko beste alderdi interesdun batzuekin, eta automobilaren balio kateko beste alderdi batzuekin ere. Europar Batasuneko Kontseiluak eta Parlamentuak parte hartze aktiboa izanen dute prozesu osoan zehar.

Eztabaidaren funtsezko gaien artean egonen dira berrikuntza, trantsizio garbia eta deskarbonizazioa, lehiakortasuna eta erresilientzia, merkataritza harremanak eta nazioarteko “bidezko lehia baldintzak”, araudiaren arrazionalizazioarekin eta prozesuen optimizazioarekin batera. Europako Batzordeak alderdi interesdun guztiekin lanean aritzeko konpromisoa hartu du, Europako automobilgintza industriaren epe luzerako lehiakortasuna, jasangarritasuna eta erresilientzia bermatzeko. Elkarrizketa estrategikoa oso urrats garrantzitsua izanen da helburu hori erdiesteko bidean.

Informazio gehiago