Ministerioak datorren urtarrilaren 27ko Nekazaritzako Europako Kontseiluaren aurretik antolatutako foroan parte hartu du kontseilariak, eta bere kezka adierazi du erkidegoz kanpoko nekazaritzako elikagaien inportazioan gerta litezkeen dumping jardunen inguruan.

Jose Mari Aierdik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, zenbait eskakizun jakinarazi dizkie Nekazaritza eta Elikadura Ministerioari eta gainerako autonomia erkidegoei. Sektorearekin batera Nafarroatik planteatu diren eskakizunak dira, tokiko nekazaritzako elikagaiak babestu eta Europako nekazaritzan nagusi diren ekoizpen modu jasangarriak sustatzeko. Proposamen horretan, Hego Amerikako zenbait herrialde biltzen dituen Mercosur merkatu batuak eta Europar Batasunak laster sinatuko duten akordioak lehen sektorean sorrarazi duen kezka jorratzen da.

Aierdi kontseilariak atzo parte hartu zuen Luis Planas ministroak autonomia erkidegoekin antolatu zuen kontsultarako konferentzian. Europar Batasuneko Nekazaritza Ministroen Kontseiluaren bilera bakoitzaren aurretik antolatzen da topaketa hori, eta organo horren hurrengo bilkura ofiziala datorren urtarrilaren 27an, astelehena, izanen da Bruselan.

Bilkura horretan, Europar Batasuneko ministroek, Nekazaritza Politika Bateratuaren inguruko beste gai batzuen artean, “nekazaritza eta elikadurako hornidura katean merkataritza jardun desleialei buruzko Europako arauen mugaz haraindiko betetzearen inguruko erregelamendu proposamena” eztabaidatuko dute, Mercosurrekin izenpetuko den akordio globalaren esparru barruan.

Informazio gehiago