Europako Estatistika Bulegoak (Eurostat) Europako enpresetako IKT eta merkataritza elektronikoaren erabilerari buruzko 2024ko inkestako datuak argitaratu ditu. Horien arabera, pasa den urtean, negozioak egiteko adimen artifizialeko teknologiak baliatu zituzten enpresen kopurua % 13,5eraino hazi zen, 2023ko % 8arekin alderatuta.

Datuok Europar Batasuneko autonomoenak eta hamar langile edo gehiagoko enpresenak dira. Adimen artifizialeko teknologiei dagokienez, hainbat helburutarako erabiltzen dira: testu meatzaritza, ahotsa ezagutzea, hizkuntza naturala sortzea, irudiak ezagutu eta prozesatzea, datuak aztertzeko ikaskuntza automatikoa, prozesu robotikoen automatizazioa adimen artifizialean oinarritutako software bidez, eta robot, ibilgailu eta drone autonomoak.

Danimarka (% 27,6), Suedia (% 25,1) eta Belgikako (% 24,7) enpresak izan ziren adimen artifiziala gehien erabili zutenak. Aitzitik, portzentaje baxuenak Errumanian (% 3,1), Polonian (% 5,9) eta Bulgarian (% 6,5) izan ziren.

2024an, Europar Batasuneko herrialde guztietan areagotu zen adimen artifizialeko teknologiak erabili zituzten enpresen ehunekoa, 2023ko datuekin alderatuta, baina Suedia izan zen gorakada handiena izan zuena (+% 14,7), Danimarka (+% 12,4) eta Belgika (+% 10,9) atzetik zituela. Espainian, igoera % 2,1 puntukoa izan zen.

Teknologien arabera, testu meatzaritza izan zen maizen erabili zena, Europako enpresen % 6,9tan, urtetik urterako % 4ko hazkundearekin. Gehien erabili zen bigarren adimen artifizialeko teknologia hizkuntza naturalaren sorrera izan zen, enpresen % 5,4tan (2023rekin alderatuta, +% 3,3). Jarraian datoz ahotsa ezagutzeko teknologiak (enpresen % 4,8), urtetik urterako ehuneko 2,2 puntuko igoera izan zutenak.

Informazio gehiago