Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Interreg POCTEFA (Espainia-Frantzia-Andorra) programaren jarraipen-komiteari hasiera eman dio gaur goizean Iruñean egindako bileran, eta Interreg POCTEFA 2021-2027 proiektuen bigarren deialdia onartu du. 76.635.253 euroko zuzkidura izanen du. Deialdi hau gutxienez bi estatuk parte hartzen duten proiektuak aurkezten dituzten erakunde publiko eta pribatuei zuzenduta dago. Oroitu behar da aurreko deialdian Nafarroak 11 milioi euro jaso zituela Europako funtsetatik, mugaz haraindiko 35 lankidetza-proiektutarako.
Hitzaldian, Ollo lehendakariordeak, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Perezekin batera, azpimarratu duenez “arazo konplexuek lana eta elkarlanean aritzeko borondatea eskatzen dute, mugaz haraindiko lankidetzan bezala. Alor horrek bilakaera kuantitatibo eta kualitatiboa izan du azken urteotan. Kuantitatiboki, mugaz haraindiko lankidetza-proiektuetara bideratutako aurrekontu-igoeragatik. Eta kualitatiboki, laguntzen hartzaile diren publikoak dibertsifikatu direlako eta Europa herritarrengana hurbiltzeko proiektuak sustatu direlako, Pirinioez gaindiko gune funtzionalak eratu ondotik”.
Era berean, Ollo lehendakariordeak adierazi du muga inguruko lurraldeak, zalantzarik gabe, badituela estatuen hiriburuetan (Espainiako eta Frantziakoetan) existitzen ez diren oztopoak eta, arrazoi horregatik, askotan, zentralismoak muga inguruko herritarrek egunerokoan bizi dituzten arazoak ahaztera eramaten duela.
Berritasun gisa, jarraipen komitearen bilkura berean, proiektu txikientzako deialdi bat onartu da lehen aldiz. Deialdi horrek 4 milioi euro izanen ditu, gehienez 200.000 euroko kostua izanen duten proiektuak hartzeko. Proiektu horiek helburu hauek betetzera bideratuta egonen behar dute: ezagutza eta berrikuntzarako gune komun bat sortzea, balio ekologikoak babestu eta sendotzea, enplegua eta kalitatezko prestakuntza eskuratzeko bidea erraztea, sozialki integratutako gune inklusibo bat eraikitzea eta turismo jasangarria eta kultura bultzatzea.
Horrez gain, saio horretan bertan, 2025ean onartzea aurreikusten den “Interreg Helburua” izeneko deialdia ere landu da. Deialdi hori bideratuagoa egonen da erakunde publikoen arteko lankidetza sustatzera, agintari publikoen gaitasun instituzionala hobetzera, eta administrazio publikoen eraginkortasuna hobetzera. Muga inguruko oztopoei buruzko azterketa bat ere aurkeztuko da.
Europako programa honetan parte hartu nahi duten Nafarroako erakundeek prest izanen dute Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak eskualdeen arteko lankidetzarako zerbitzuaren bidez eskaintzen duen arreta eta aholkularitza; “Muga inguruko Nafarroa” kanpo-ekintzako planaren 2. ardatzarekin bat dator hori, eta hitzordua eskatzen ahal dute cooperación.transfronteriza@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.