Europako Batzordeak Europako Gazte Ekintzaileen Sarirako hautagaitzak ireki ditu gaur, Europa osoko gazteen ekimen berritzaileei balioa emateko. Sari horri esker, gazte berritzaileek tutoretzarako eta finantzaketarako aukera baliotsuak izanen dituzte.
Azken aurkezpenak ekainaren 5ean izanen dira, Europako Industria Jardunaldien barruan, Rzeszów hirian (Polonia). Finalistek beren proiektuak aurkeztuko dizkiete industriako liderrei, arduradun politikoei eta Europa osoko inbertitzaile potentzialei. Hamar finalistek orientazioa eta baliabide pertsonalizatuak jasoko dituzte, 20 000 euro arteko balioarekin. Laguntza horrek barne hartzen ditu industriako adituen aholkularitza, sare profesionaletarako sarbidea eta ideiak garatzeko eta epe luzera arrakasta bermatzeko tresna praktikoak.
Europako Gazte Ekintzaileen Saria sektore guztietan berrikuntza eta enpresa-espiritua bultzatzen dituen lehiaketa bat da. Esparru ezberdinetako 40 urtetik beherako ekintzaileentzat da lehiaketa, eta helburua da sortzen ari diren enpresa emergenteei eta pertsona berritzaileei behar dituzten gaitasunak, ezagutzak eta baliabideak ematea, gero eta lehiakorragoa den egoera ekonomikoan aurrera egiteko. Eskatzaileei Europar Batasunaren lehentasunei dagozkien proiektuak aurkeztera gonbidatzen zaie, hala nola jasangarritasunarekin, eraldaketa digitalarekin eta ondorio sozial positiboekin lotutakoak.
Izen-ematea irekia egonen da 2025eko martxoaren 14ra arte.