Batzordeak hiru ikerketa-neurri tekniko gehiago jakinarazi dizkio X plataformari haren gomendio-sistema dela eta. Ikerketa-neurri horiek Zerbitzu Digitalen Legeari jarraikiz proposatu dira, 2023ko abenduaren 18an X-ri ireki zitzaizkion prozedura formalen esparruan.
Burujabetza Teknologiko, Segurtasun eta Demokraziarako presidenteorde Henna Virkkunenek zera adierazi du: «Gaur neurri berriak hartzen ari gara argitzeko ea X-ren gomendio-sistemak betetzen ari diren Zerbitzu Digitalen Legeak ezarritako betebeharrak. Konpromiso irmoa adierazten dugu EBn diharduten plataforma guztiek gure legedia errespetatzen dutela bermatzeko, legedi horren helburua baita onlineko ingurunea bidezkoa, segurua eta demokratikoa izatea Europako herritar guztientzat».
Batzordeak enpresari eskatu dio bere gomendio-sistemei buruzko barne-dokumentazio guztia eta berriki egindako aldaketa guztiak jakinaraz ditzala 2025eko otsailaren 15erako beranduenez.
Gainera, «atxikipen-agindu» baten arabera, plataformak nahitaez gorde behar ditu gomendio-algoritmoen diseinuan eta funtzionamenduan egiten dituen aldaketei buruzko barne-dokumentu eta barne-informazio guztiak, 2025eko urtarrilaren 17tik 2025eko abenduaren 31ra artekoak, lehenago amaitzen ez bada Batzordeak indarrean duen ikerketa.
Azkenik, Batzordeak X-ren zenbait API komertzialetara sartzeko eskaera egin du: edukiaren interfaze tekniko batzuk dira, edukien neurritasuna eta kontuen biralitatea zuzenean ikertzeko aukera ematen dutenak.
Neurri horiei esker, Batzordeko zerbitzuek aukera izanen dute arrisku sistemikoen ebaluazio konplexua egiteko behar diren egitate guztiak kontuan hartzeko eta arriskuak arintzeko, Zerbitzu Digitalen Legea betez.