Ursula von der Leyen presidenteak 2024ko azaroaren 27an Europako Parlamentuaren aurrean iragarri zuen moduan, Europako Batzordeak elkarrizketa estrategikoa jarriko du abian urtarrilaren 30ean Europako automobil-industriarekin, gizarte-solaskideekin eta interesa duten beste alderdi interesdun klabe batzuekin. Ekimen honek azpimarratzen du Europaren oparotasunerako ezinbestekoa den sektore baten etorkizuna babesteko Batzordearen konpromisoa, eta, aldi berean, aurrera egiten du helburu klimatiko eta sozial zabalagoak lortzeko bidean.

Batzordeak aitortu du urgentea dela Europako automobil-industria babesteko eta Europar Batasunaren barruan haren etorkizuna bermatzeko neurriak hartzea. Von der Leyen presidentearen gidaritzapean, elkarrizketa estrategikoaren helburua da industriako eragileak, gizarte-solaskideak eta alderdi interesdunak inplikatzea, elkarlanean erronkak ulertu, irtenbideak garatu eta neurri zehatzak har ditzaten. Batzordearen barruan, Tzitzikostas komisarioari agindu diote sektorerako ekintza plan bat egiteko, eztabaida horietatik etekina aterako duena.

Elkarrizketa estrategikoak von der Leyen presidentea izanen du buru, eta aldizkako bilerak izanen dira; bilera horietan, industriako ordezkariek (fabrikatzaileak, hornitzaileak), gizarte-solaskideek, komisarioek eta beste alderdi interesdun batzuek hartuko dute parte, gizarte zibila barne. Ondotik, gaikako lantaldeek proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte. Halaber, kontsulta zabalagoak eginen dira industriaren eta automobilaren balio-katearen inguruko beste alderdi interesdun batzuekin. Europako Kontseiluak eta Parlamentuak hertsiki hartuko dute parte prozesu osoan.

Eztabaidagai nagusiak hauek izanen dira: berrikuntza, trantsizio garbia eta deskarbonizazioa, lehiakortasuna eta erresistentzia, merkataritza-harremanak eta nazioarteko baldintza-berdintasuna, bai eta erregelamenduaren arrazionalizazioa eta prozesuen optimizazioa ere. Informazio gehiago aurkitzen ahal da elkarrizketa estrategikoko eztabaidak gidatuko dituen erantsitako ohar kontzeptualean.

Europako Batzordeak konpromisoa hartu du alderdi interesdun guztiekin lan egiteko, Europako automobil-industriaren lehiakortasuna, jasangarritasuna eta epe luzeko erresistentzia bermatzeko. Elkarrizketa estrategikoa funtsezko urratsa da helburu hori lortzeko.

Informazio gehiago