Estatu kideek erizaintzako langileak atxiki eta erakar ditzaten laguntzeko EBren lehen ekintza jarri du martxan Batzordeak, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin UEproSalud programaren baitan. Medikuntza-, erizaintza- eta hortz-zerbitzuetako buruek, EBko Kontseiluaren Poloniaren presidentetzaren esparruan, Varsovian egin duten bilera batean izan da. OMEk Europarako duen Eskualde Bulegoarekin batera ezarri du ekintza Europako Batzordeak, 2024ko irailean biek sinatutako kontribuzio-akordioaren ondotik.

Ekintza horren ondorioz, zenbait jarduera eginen dira EBko estatu guztietan 36 hilabetez, eta arreta berezia eskainiko zaie osasun-langileen arloan erronka handiak dituzten herrialdeei. Europar Batasuneko estatuen, erizaintza-erakundeen eta gizarte-solaskideen arteko lankidetza estuaren bidez, nazioetan eta azpinazioetan dauden behar espezifikoetara egokituko da ekimen hori. Ekimenaren jarduera nagusiak hauek dira: erizaintzako profesionalen belaunaldi berri bat erakartzeko tutoretza-programak, erizaintzako langileen inpaktua ebaluatzea egiturazko eskasiaren azpian dauden arazoak ulertzeko, profesional horien osasuna eta ongizatea hobetzeko estrategiak eta eraldaketa digitalaren eta AAren ontasunak aprobetxatzen laguntzeko ekintzak.

Animalien Osasun eta Ongizateko komisario Olivér Várhelyik zera adierazi du: «Erizaintzako profesionalak osasun-sistemen parte garrantzitsua dira, haiek lortu ohi baitute pazienteekiko lotura estuena. Gaur egun, 1,2 milioi sendagile, erizain eta emagin falta dira EB osoan, eta EBko herrialdeen erdian baino gehiagoan beherantz doa erizaintza-karrerekiko interesa. Gaur abian jarri dugun ekintzak erakusten du estatu kideetako erizain-urritasunari aurre egiteko dugun konpromisoa. Espero dugu baliagarri izanen dela talentu gaztea lanbide honetara erakartzeko eta gure profesional baliotsuak atxikitzeko. Oso pozik nago OMEk Europarako duen Eskualde Bulegoarekin egindako elkarlan honekin».

Informazioa