Batzordeak EBren ekintza-plan bat aurkeztu du osasun-laguntzako hornitzaileen eta ospitaleen zibersegurtasuna indartzeko. Ekintza-plan hau von der Leyen presidentearen asmo politikoetan iragarri zen, lehentasun klabe gisa, agintaldi berriaren lehen 100 egunetan. Ekimena urrats garrantzitsua da osasun-sektorea zibermehatxuetatik babesteko. Mehatxuak detektatzeko gaitasunak hobetuz eta ospitale eta osasun-hornitzaileen prestakuntza eta erantzun-gaitasuna hobetuz, ingurune seguruagoa lortuko da pazienteentzat eta osasun-profesionalentzat.
Digitalizazioak iraultza ekarri du osasun-laguntzara, aukera eman baitu pazienteentzako zerbitzuak hobetzeko zenbait berrikuntzari esker, hala nola historia mediko elektronikoak, telemedikuntza eta adimen artifizialean oinarritutako diagnostikoak. Baina zibererasoek prozedura medikoak atzeratzen ahal dute, larrialdi-geletako itxaronaldiak mugarik gabe luzatzen ahal dituzte edo hil ala biziko zerbitzuak eteten ahal dituzte, eta, kasu larrietan, eragin zuzena izaten ahal dute europarren bizitzan. Europar Batasuneko estatuek zibersegurtasuneko 309 gorabehera esanguratsu jakinarazi zituzten 2023an, osasun-sektoreari eragin ziotenak, beste edozein sektore kritikotan baino gehiago.
Ekintza-planak, besteak beste, proposatzen du ENISA zibersegurtasunerako EBko agentziak zentro paneuropear bat ezartzea ospitaleen eta osasun-laguntzako hornitzaileen zibersegurtasunari laguntzeko orientazioa, tresnak, zerbitzuak eta neurrira egindako prestakuntza emanez. Azpiegitura kritiko guztietan zibersegurtasuna indartzeko EBk duen esparrurik zabalenean oinarritzen da ekimena, eta sektore batek EBko zibersegurtasun-neurri guztiak zabaltzeko berariaz hartzen duen lehen ekimena da.