Batzordeak deialdia egin du jasangarritasunarekin konprometituta dauden Europako hiriek hautagaitza aurkeztu dezaten 2027ko Europako Hiriburu Berdea eta Orri Berdea sarietarako. Hiriek online aurkeztu dezakete beren hautagaitza, 2025eko apirilaren 15era arte.

Hiri-jasangarritasunean aditu diren zenbait pertsona independentek hautagaitzen emaitzak aztertu eta ebaluatuko dituzte zazpi ingurumen-adierazle hauei dagokienez: airearen kalitatea; ura; biodibertsitatea, berdeguneak eta lurzoruaren erabilera jasangarria; hondakinak eta ekonomia zirkularra; zarata; klima-aldaketa moteltzea; eta klima-aldaketara egokitzea. Adituen gomendioetan eta gertaeren egiaztapenean oinarrituta, Batzordeak hiri finalistak aukeratuko ditu.

Europako biztanleen bi heren baino gehiago hirietan bizi direnez, hiriek zeresan garrantzitsua dute gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-eraldaketan, eta eraldaketa hori lehentasuna da Europako Itun Berdearentzat. Europako Hiriburu Berdearen saria Batzordeak berak sortu zuen, hiriak ekologikoagoak eta garbiagoak izan zitezen sustatzeko. Europako hiriek beren biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko eta munduko ingurumenean duten inpaktua murrizteko egiten dituzten ahaleginak sustatzen eta saritzen ditu sariak. Orain arte, 17 hirik irabazi dute Europako Hiriburu Berdearen saria, eta 19 hiri txikiagok Europako Orri Berdearen saria. Hala, punta-puntako europar hirien sare gero eta handiago bat osatu da; denek partekatzen dituzte ikuspegi eta ezagutza berdinak, eta inspirazio-iturri dira beste batzuentzat.

Informazio gehiago