Copernicus Global Climate Highlights Report 2024 txostenaren arabera, 2024a inoiz erregistratutako urterik beroena izan da, eta aurrenekoz gainditu da industriaurreko aldian erregistratutako munduko urteko batez besteko tenperaturaren maila 1,5 ºC-tik gora. Iazko urtea izan zen, halaber, beroena eremu kontinental guztietan —Europa barne—, salbuespen izanik Antartika eta Australasia.
Klimaren Egoerari buruzko 2023ko Europako Txostenean eta Arrisku Klimatikoen Europako Ebaluazioan ere nabarmentzen denez, Europako kontinentea munduko batez bestekoa baino bi aldiz azkarrago berotzen aritu da 1980ko hamarkadatik, eta planeta osoan azkarren berotzen ari den kontinentea izatera iritsi da. Europak Artikoan dituen lurrak dira, oraindik ere, planeta osoan azkarren berotzen ari den eremua, eta zirkulazio atmosferikoaren aldaketen eraginez maizago izaten dira bero boladak udan. Era berean, glaziarrak urtzen ari dira eta aldaketak gertatzen ari dira prezipitazioen patroian.
Muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna eta larritasuna areagotzen ari dira. Itsasoaren gainazaleko tenperaturak biziki handiak izan ziren; hain zuzen ere, 2024ko uztailetik abendura bitarteko tenperaturak urte sasoi horretan inoiz erregistratutako bigarren beroenak izan ziren, 2023koen atzetik.
Munduko ekintza klimatikoaren alde egiteko eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoa hartu du EBk. 2030erako berotegi efektuko gasen isuriak % 55, gutxienez, murrizteko helburuak eta legeak adostu ditu, eta Batzordeak jada gomendatu du BEG isurien murrizketa garbiak % 90 izan behar duela 2040rako. 2024ko apirilean, Batzordeak Komunikazio bat argitaratu zuen arrisku klimatikoen aurrean EB eraginkortasunez nola prestatu eta klimarekiko erresistentzia handiagoa nola sortu azaltzeko.
Europar Batasunaren espazio-programaren barruan, Lurraren behaketa egiten duen osagaia da Copernicus, Europaren begiak Lurrari begira. EBk finantzatuta, gure planeta eta ingurumena behatzen dituen tresna bakarra da Copernicus, betiere europar guztien mesedetan.