Mugaz gaindiko eskola-lankidetzarako EBren ekimena da eTwinning, ekimen enblematikoa, irakasleak elkarren artean konektatzen dituena, eta aurten hogei urte betetzen ari da. Bi hamarkada hauetan, 160.000 proiektu baino gehiago gauzatu dira, eta eTwinning komunitatea osatzen duten 3 milioi ikasle baino gehiago izan dira hartzaile, 295.000 ikastetxetako 1,2 milioi irakasle baino gehiagoren laguntzarekin. Proiektu horien adierazgarri dira 2024ko europar saria jaso dutenak; hain zuzen ere, haurtzaindegietako ikasleekin hasi eta goi-mailako Bigarren Hezkuntzakoekin bukatu, beste herrialde batzuetako ikaskideak hartu dituzte haien ikasgeletan, guztion mesedegarri.
eTwinning ekimenarekin, irakasle eta ikasle guztiek mugarik gabeko ikaskuntza eskura izan dezaten lortu nahi da. Ikasgelako jardunak etengabe berritzeaz gain, alfabetatze digitala eta herritartasun aktiboa sustatzeko bide berriak bilatzen ditu. Irakasleak elkarren artean konektatzen dituenez, hezkuntza inklusiboa eta kalitate handikoa sustatzeko lagungarri izaten da EB osoan eta EBtik kanpo, batak bestearengandik ikasita.
Urteak joan, urteak etorri, ekimena zabaldu egin da: Estatu kide berriak sartu eta eginkizun berriak txertatu dira, hala nola online ikastaroak eta Europako Kalitate Zigiluak.
Orain, irakasle izateko ikasten ari diren ikasleek ere parte hartzen ahal dute, trebakuntzako bidearen aurreneko urratsetan. «Etorkizuneko irakasleentzako eTwinning» ekimenak frogatu du plataforma lagungarri dela irakasleen belaunaldi berrien garapenerako, beste herrialde batzuetako eta beste hezkuntza-sistema batzuetako irakasleen arteko trukeak eta eztabaidak sustatzen dituelako, eta zeharkako eta proiektukako irakaskuntza ezagutzeko eta praktikan jartzeko aukera ematen dielako irakasleei.
eTwinning Eskola Hezkuntzako Europako Plataformaren barruan dago, 46 herrialdetako ikastetxeak konektatzen dituen online gunean. 400.000 erabiltzailek plataformaren azken edukiei eta hurrengo jarduerei buruzko informazio buletina jasotzen dute aldian-aldian. 2005eko urtarrilean abian jarri zenetik, eTwinning ekimenak online ingurune seguru bat eskaini die irakasleei eta ikastetxeei proiektu nazionalak eta nazioartekoak garatzen laguntzeko. 2014. urteaz geroztik, Erasmus+ programaren laguntza jasotzen du eTwinning ekimenak, ikastetxeei eta hezitzaileei askotariko aukerak eskaintzen dizkieten EBren beste ekimen batzuekin bat eginda.