Nafarroak bere gain hartuko ditu, Begoña Alfaro Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren bidez, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, autonomia erkidegoen ordezkaritza eta koordinazioa Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Kontseiluaren gazteria sailean. Aipatu beharra dago ordezkaritza hori bat etorriko dela Europar Batasuneko Kontseiluaren poloniar presidentetzarekin.
Nafarroak hartutako konpromiso horren ondorioz, kontseilariak Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Ministroen Kontseiluko bileretan parte hartuko du, eta, Nafarroako Gazteriaren Institutuko ordezkari tekniko batekin batera, aldian behin egiten diren lantaldeetan ere parte hartuko du, autonomia erkidego guztiei jorratutako auzien berri emateko eta jarrera komun bat hartzeko eginkizunarekin. Autonomia erkidegoen ordezkaria Europako Kontseiluko Espainiako delegazioaren eskubide osoko kide da ondore guztietarako, aholkularitza ematen die delegazioko gainerako kideei eta hitza hartzea eskatzen ahal du erkidegoen eskumenei eragiten dieten auziak eztabaidatzen direnean, jarrera komuna baldin badute.
Europar Batasunarekin Lotutako Gaiei buruzko Biltzarraren erabakien arabera, autonomia erkidegoek zuzenki parte hartzen ahal dute erkidegoen eskumeneko gaiak jorratzen dituzten Europar Batasuneko Kontseiluaren erakunde eta lantaldeetan. Ordezkaritza hori sei hileko txanda bidez antolatzen da, eta Andaluziaren txanda bukatu ondotik, txanda Nafarroari egokitu zaio orain gazteria alorrean.