Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hitzarmen bat sinatu du Nasuvinsa sozietate publikoarekin, “Pirinioetan klimarekiko erresistentea den mugaz gaindiko mendialde baterantz” izeneko proiektuan parte hartzeko. Departamentuak 231.718 euro jarriko ditu, 2031ra arteko gastuen % 40 finantzatzeko.
Life CC Pyrenees proiektuaren helburua klima aldaketarako Europako lehen mugaz gaindiko estrategia ezartzea da. Nafarroak, Aragoik, Euskadik, Akitania Berriak eta Okzitaniak (Frantzia) eta Andorrak parte hartuko dute, guztira 23,5 milioi biztanle dituzte, eta 254.766 kilometro karratu hartzen dute barne. Espainia eta Frantziako Trantsizio Ekologikorako Ministerioetako ordezkariek ere parte hartuko dute.
José Antonio Marcén Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak jakinarazi du proiektua bost ildo nagusiren inguruan egituratuko dela: klimaren inpaktuak ulertzea, eremu natural erresilienteak areagotzea, ekonomia mendialdera egokitzea, biztanleria eta lurraldea babestea eta gobernantza berri bat hobetzea.
Marcénen hitzetan, egungo egoeran, “ezinbestekoa da” klima aldaketa eta bere ondorioak lurralde antolamenduan txertatzea. Klimak osasunerako, elikadura segurtasunerako eta biodibertsitaterako duen garrantziaz gain, “ezinbestekoa da lurralde plangintzako prozesuek arrisku klimatikoak eta muturreko fenomeno atmosferikoak ere kontuan hartzea”, esan du bukaeran Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak.
Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC gaztelaniaz) bidez, estrategiaren muina Pirinioak izanen dira, Europako biodibertsitate balio handienetako bat duten eremua delako, eta klima aldaketaren inpaktuak nabaritzen ari direlako, bai baliabide naturaletan, bai jarduera ekonomikoetan.
Proiektuaren helburu espezifikoak Pirinioek duten klima aldaketarekiko erresilientzia hobetzerantz zuzendu dira, lotutako lurraldeen erresilientzia ere hobetzeko funtsezko elementua baita. Horrekin batera, Europar Batasuneko, Espainiako, Frantziako eta Andorrako politika klimatikoen ezarpena ere indartu nahi da, baita Pirinioetako eskualdeko estrategia klimatikoak ere, lurralde lankidetzaren bidez.
Proiektuaren helburu espezifikoen artean daude lurralde antolamendua mendialdera egokitzea eta klima aldaketaren politika Pirinioetako beste politika sektorial batzuetan txertatzea, zenbait alderdiri dagokienez, hala nola biodibertsitatea, lurzorua, lehen sektorea, despopulazioa, turismoa, uraren kudeaketa eta basoen kudeaketa.
Pirinioetako Lan Elkartea mugaz haraindiko lankidetzarako erakunde bat da. 1983an sortu zen, eta Pirinioetako bi aldeetako lurralde elkargoak biltzen ditu. Nafarroak parte hartze instituzionala du elkarte horretan, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Hala ere, departamentu arteko planteamendu nabarmena izaten dute ekimen, proiektu eta lan ildo guztiek.