Otsailaren 18ra arte egonen da zabalik hurrengo EP PerMed 2025 laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuaren funts propioekin eta Europar Batasuneko Horizon funtsekin finantzatzen dena.
EP PerMed Europako proiektuak medikuntza pertsonalizatuaren gaineko ikerketa eta garapena sustatzen ditu, medikuntza hori osasun sistemetan ezartzeko urratsak erraztu eta azkartzearekin batera, horrek pertsonei eta gizarteei dakarzkien onurak ekarrita. Nafarroako Gobernuak, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bidez, bazkide finantzatzaile moduan parte hartzen du; beraz, urtero, Nafarroako erakundeek 200.000 eurora arteko finantzaketa jasotzen ahalko dute medikuntza pertsonalizatuko I+G proiektuak garatzen dituzten Europako partzuergoetan parte hartzeko, gehienez ere hiru urtez.
Testuinguru horretan abiarazi berri da 2025 nazioz haraindiko baterako deialdia (JTC2025), Europar Batasunak lagundutako finantzaketarekin, medikuntza pertsonalizatuaren eremuko ikerketa berritzaileko proiektu multinazionalak finantzatzeko.
Deialdia bi fasetan gauzatuko da: proposamen aurretiko fase bat eta proposamen osoko beste fase bat. Lehenengo fasean proiektuak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 18an bukatuko da. Oraingoz, proiektuaren aurre-eskabide bat aurkeztu behar da deialdiaren webgunearen bidez. Maiatzaren 20aren inguruan iragarriko dira aurrez onartutako proiektuak. Proiektu horiek proposamen oso bat aurkeztu beharko dute ekainaren 20a baino lehen.
Deialdiaren xehetasun guztiak azaltzeko, heldu den urtarrilaren 9an informazio web-mintegi bat eginen da. Mintegian parte hartzeko, deialdiaren webgunean dagoen erregistro inprimakia bete behar da.