Eraikuntza produktuei buruzko Erregelamendu berria indarrean jarri da. Erregelamendu berri horrek balio izanen du 2011ko arauak modernizatzeko, eraikuntza produktuak Europar Batasuneko barne merkatuan saltzea errazteko, eraikuntza teknika berritzaileak sustatzeko eta sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.
Zehazki, arau berriak urrats garrantzitsua izanen dira eraikuntza sektorearen digitalizazioan. Produktuen pasaporte digitalek eraikuntza produktuei buruzko informazio guztia eskainiko dute, horren barne direla prestazio eta adostasun adierazpenak, segurtasunari buruzko informazioa eta erabilera jarraibideak. Horrek eraikin oso baten karbono aztarna modu fidagarrian kalkulatzeko aukera ere emanen du.
Eraikuntza produktuei buruzko Erregelamendu berriak eraikuntzaren sektorean jokatzeko arauak aldatu egin ditu. Arkitekto, ingeniari, kontsumitzaile eta agintari publikoei erabaki zuzenak hartzen laguntzen die, eraikuntza produktuen errendimendua eta jasangarritasuna oinarri hartuta.
Erregelamendu berriak eraikuntzaren sektorearen lehiakortasuna eta produktibitatea areagotuko ditu. Europar Batasunak teknika berritzaile eta jasangarrien aldeko apustua egiten ahalko du, fatxada sistemen moduko elementu prefabrikatu edo modularrak barne hartuta. Kokalekutik kanpo garatzen diren eraikuntza metodoen erabilera areagotzeak kostuak murriztea lortuko du, eta hain premiazkoak diren etxebizitzen entrega azkartuko du, bai obra berrikoen, bai eraberrituen kasuan. Teknologiok eraikuntza hondakinen % 10 eta % 15 arteko murrizketa ekartzen ahal dute ekoizpen eta fabrikazio faseetan. Horrez gain, unitate prefabrikatuak, bizi zikloaren bukaeran, desmuntatu eta berriz ere konfiguratzen ahal dira, berrerabiltzeko, eta horrek are gehiago areagotuko ditu jasangarritasunerako onurak.