Berokuntza eta hozkuntza sistemak airearen kutsadura iturri garrantzitsua dira oraindik ere kontinente osoan. Ikerketa Zentro Erkidearen (IZE) azterlan baten arabera, premiazkoa da sektore horretan teknologia berriztagarri garbiago eta efizienteagoak hartzeko prozesua azkartzea.
Airearen kutsadura ingurumen arazo larria da oraindik ere Europar Batasunean, eta berokuntza eta hozkuntzaren sektoreak ekarpen nabarmena egiten du kutsatzaile kaltegarrien isurian. Isuri horien barne daude partikula esekien (PM2,5) % 73, nitrogeno oxidoen (NOx) % 33, amoniakoaren (NH3) % 2, konposatu organiko lurrunkor ez-metanikoen (KOLEM) % 18, karbono monoxidoaren (CO) % 61 eta sufre dioxidoaren (SO2) % 49, eta denek dakartzate osasunerako arrisku larriak. Eraikinak eta etxebizitzak kutsatzaile horien funtsezko iturria dira.
Giro airearen kalitateari buruzko Zuzentaraua berrikusi ondotik, Europar Batasuneko zenbait estatuk ahalegin gehigarriak egin beharko dituzte 2030erako airearen kalitate helburu zorrotzenak erdiesteko; izan ere, Europar Batasunak bere arauak estuki lerrokatu ditu Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) airearen kalitaterako erreferentziako mailekin.
Gauzak horrela, airearen kutsaduraren jatorriak behar bezala identifikatzea ezinbestekoa da, egungo jardunbideetarako alternatiba garbiagoak hautatu eta gomendatu ahal izateko.
Europar Batasuna berokuntzarako energia iturri ez hain kutsagarrietarantz bideratzeko pixkanakako aldaketak egin diren arren, kutsatzaileak isurtzen dituzten errekuntza gailuak nagusi dira oraindik ere mix energetikoan; berez, bero ekoizpenaren % 97 hartzen zuten 2022an, IZEren azterlan baten arabera.
Azken bi hamarkadetan, aurrerapausoak eman dira Europako berokuntzaren kalitatean eta efizientzian. 27 herrialdeko Europar Batasunak % 9,5 murriztu zuen bere bukaerako energia kontsumo gordina (CFG) 2022an (azterlana egiteko momentuan eskura zeuden azken datuak) 2005eko mailarekin alderatuta. Aldiz, berokuntza eta hozkuntzarako kontsumoak bilakaera hobea izan zuen eta, epe berean, % 16 murriztu zen. Horren arrazoiak dira, alde batetik, eraikinak berotzeko behar txikiagoak, eta bestetik, berokuntza aparatu efizienteagoak.