Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak NPBPEk (Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoa) finantzatutako laguntzen deialdi bat onetsi du landa eremuetan nekazaritzaz bestelako jardueren ekintzailetza sustatzeko. Ildo horretatik, 40.000 euroko zuzeneko laguntza prima berriak aurreikusi dira, bi fasetan —proiektu fasean eta jarduera hastean— eta gastua edo inbertsioa justifikatu beharrik gabe. Ondotik jarduera egiaztatu beharko da bakarrik. Laguntza horiek Foru Komunitateko landa eremuetan zerbitzu negozio txiki bat —nekazaritzarekin loturarik gabekoa— abian jartzera animatzen den pertsona fisiko orori zuzendutakoak dira.
Deialdia gaurgero argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Laguntzak heldu den otsailaren 7ra arte eskatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren izapide fitxa honen bidez, Navarra.es webgunean edo tokiko ekintza taldeen (Cederna/Garalur, Teder edo Erdialdeko partzuergoak eta Eder) edo bestelako erakunde laguntzaileen bitartez (kasurako, nekazaritza erakundeak edo aholkularitza enpresak).
Guztira, Foru Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak 2 milioi euro inbertituko ditu mota horretako ekimenei laguntzeko, “Ideas que brotan / Ideiak loratuz” landa dibertsifikazio programaren esparru barruan. Laguntza hauekin lortu nahi dena da landa eremuak dibertsifikatu eta dinamizatzea, nolabaiteko despopulazio arriskua duten udalerrietan, eta, horrez gain, baita nekazaritzako jardueraren osagarriak diren zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonak erakartzea ere.