Urte bat bukatu eta beste bat hasi den garai honetan, begiratu dezagun heldu diren 12 hilabeteek Europar Batasunean zer ekarriko diguten. 2025 gertakariz eta guztiontzako erronkaz beteriko beste urte bat izanen dela dirudi. Gure mugen barruan eta baita kanpoan ere, anitz dago egiteke, eta bidean, ospatu beharreko zenbait mugarri garrantzitsu izanen ditugu.
Europar Batasunak munduan duen eginkizun nabarmena mantenduko du. Ukrainaren aldamenean tinko jarraituko dugu Putinen erasoaren aurrean eta, Ukraina Mekanismoari eta G7aren gure maileguari esker, Ukrainaren finantzaketa defizitaren zatirik handiena estaliko dugu 2025erako. Ekialde Hurbila ere egonen da gure interes eremuen artean, Estatu Batuekiko harreman transatlantiko sendoa finkatzeko esperoan, agintari berriek boterea hartzen dutenean.
Urteurren nabarmenak ere izanen ditugu ospatzeko. 30 urte beteko dira Austria, Finlandia eta Suedia Europar Batasunera atxiki zirenetik. 75 urte, Schuman adierazpena egin zenetik. 2025eko urtarrilaren 1ean, Bulgaria eta Errumania erabat sartuko dira Schengen esparruan, hura indartuta, hain zuzen ere eremuaren 40. urteurrenean.
2024an karguaz jabetu ziren Europako Parlamentua eta Batzordea izanen dira buru, Europar Batasuneko Kontseiluarekin batera, Polonia eta Danimarka txandakako presidentetzan izanen dituena.
Batzordean, heldu diren hilabeteetan, Europar Batasunaren lehiakortasuna, jasangarritasuna, defentsa, segurtasuna eta teknologia digitala hobetzen laguntzeko zenbait ekimen berri abiaraziko dira. Hurrengo (2028-2034) Urte Anitzeko Finantza Esparruan ere aurrera eginen da 2025ean.