Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak Europako MRR funtsetatik datozen 400.000 eurorekin finantzatu du Mendazako barrutirako eguneko zentroa, Acedoko kontzejuan dagoena. Zentroa aurtengo urtarrilean abian jarriko da. 30 plaza ditu eta zerbitzua emanen die Berrotza, Egaibar, Lana, Metauten eta Zuñigako adineko pertsonei. Halaber, aurreikusita dago inguruko beste udalerri batzuetako jendearen eskaerei erantzutea. Zentro berria irekita egonen da 09:00etatik 18:00etara eta hurrengo 6 urteetan Solera Asistencialek kudeatuko du, lizitazioaren adjudikazioduna izan baita.
Azedoko zentroa eraikitzeko obrak 2011n hasi ziren, baina eten egin ziren hamarkada batez baino gehiagoz. Lanak berriro hasi ziren 2023ko apirilaren bukaeran Nafarroako Gobernuak Europako funtsetatik jasotako 400.000 euroko dirulaguntzari esker. Obraren kostua, guztira, 708.840 eurokoa izan da, eta Mendazako barrutiko Udalarekin batera finantzatu da, dirulaguntzak estali ez duen zatia bere gain hartu baitu.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak Europako funtsen bidez sustaturiko dirulaguntzei esker inauguratu dute Acedoko eguneko zentroa. Orotara, 3,5 milioi euroko inbertsioa egin du departamentuak, eta zentro bakoitzak 400.000 euroko dirulaguntza jaso du gehienez. Eginahal horri esker, 260 plaza inguru jarriko dira martxan 11 eguneko zentrotan, guztiak ere publikoak eta udal-titulartasunekoak. Horietako bost jada erabiltzen ari dira (Berriozar, Altsasu – Josefina Arregui -, Fontellas, Noain eta Acedo), eta beste batzuk eraikitzen ari dira edo altzariak jartzen ari zaizkie (Barañain, Murchante, Sartaguda, Zizur Nagusia, Cadreita, Esteribar eta Oibar).