Abenduaren 20an, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eta Suitzako Konfederazioko presidente Viola Amherd-ek adierazi zuten bukatu zirela EBren eta Suitzaren arteko harremanetan sakontzeko eta haiek handitzeko erabaki-sorta zabal bati buruzko negoziazioak.
Erabaki-sorta horretan, askotariko elementuak daude:
- Dagoeneko Suitzari EBko barne-merkaturako sarbidea ematen dioten bost akordio eguneratzea: aireko garraioa, lurreko garraioa, pertsonen zirkulazio askea, adostasunaren ebaluazioa eta nekazaritzako produktuen salerosketa. Akordio horiek berritzeari esker, ematen dituzten eskubideak guztiz baliatzen ahalko dituzte bi aldeetako herritarrek eta enpresek, eta lehiakortasun-baldintza ekitatiboak sortuko dira enpresentzat.
Akordio bakoitzak islatuko du EBko legeriak zer bilakaera izan duen eremu bakoitzean, eta haren eguneratze dinamikoa bermatuko du. Akordioetan jasoak daude auziak ebazteari buruzko xedapenak, eta estatuko laguntzei buruzko diziplinak aplikatuko dira hala dagokionean.
- Elikagaien Segurtasunerako Esparru Komuna ezarriko duen elikagaien segurtasunari buruzko akordio berri bat, elikagai-katearen dimentsio guztiak barnean hartuko dituena.
- Osasunari buruzko akordio berri bati, Suitzari aukera emanen diona osasunerako mugaz gaindiko mehatxu larriez arduratzen diren EBren mekanismo eta organismoetan parte hartzeko; batez ere, Eritasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroan eta Alerta Goiztiarreko eta Erantzuneko Sisteman.
- Elektrizitateari buruzko akordio berri bat, aukera emanen duena Suitzak Europar Batasuneko elektrizitatearen barne-merkatuan parte hartzeko.
- Suitzak Batasunaren barruko ekonomia- eta gizarte-kohesioari egiten dion finantza-ekarpen iraunkor eta ekitatiboari buruzko akordio berri bat, aldeen arteko elkartze- eta lankidetza-maila islatuko duena.
- Akordio berri bat Suitzari aukera emanen diona hirugarren herrialde batzuk elkartzeko irekita dauden Batasuneko programa batzuetan: Europa Horizontea, Euratom Ikerketa eta Formakuntza, ITER/F4E (Energiarako Fusioa), Europa Digitala, Erasmus+ eta EU4Health. Batzordea arduratuko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera xedapen iragankorrak ezar daitezen Suitzako entitateek egun horretatik aurrerako deialdietan parte hartu ahal izateko.
- Akordio bereizi batek jasoko du Suitzak nola parte hartuko duen EBko Espazio Agentzian, Batasunaren programa espazialeko Galileo eta EGNOS osagaiekin lotutako jardueretarako.
EB-Suitza harremana sakontzeko eta zabaltzeko neurri-sorta zabalari buruzko galderak eta erantzunak