Plastiko-galautsak —plastikozko produktuak fabrikatzeko erabiltzen diren industria-lehengaiak— ingurumenean galtzea prebenitzearen inguruko erregelamendu bati buruzko jarrera («orientazio orokorra») adostu du Kontseiluak. Orientazio orokorrak mandatu bat ematen dio Kontseiluko Lehendakaritzari, egintzaren behin betiko formari buruz Europako Parlamentuarekin izanen diren negoziazioei begira.
Araudi berria lagungarria izanen da plastiko-galautsa hornidura-kateko etapa guztietan hobeki maneiatzeko. Hala, ingurumenean galtzen den plastikoa % 74 ere murrizten ahalko da.
Batzordearen jatorrizko proposamenean oinarrituta, Kontseiluaren orientazio orokorrak oreka lortu du plastiko-galautsen galerak minimizatzeko asmo handiko neurri eraginkorrak ezartzearen eta alferrikako zama administratiboak saihestearen artean. Testuak, halaber, lehia ekitatiboko kondizioak bermatzen ditu EBko eta EBtik kanpoko garraiolarien artean eta betebehar batzuk ezartzen ditu plastiko-galautsa Batasunean garraiatzen duten itsas nabigaziorako ontzientzat, Nazioarteko Itsas Erakundearen gomendioekin bat etorriz.