Navarrefa foroak POCTEFA programako 35 proiektutan parte hartzen duten 50 eragile nafar baino gehiago bildu ditu
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok mugaz gaindiko lankidetza nabarmendu du gaur, Iruñean, Europako balio demokratikoak eta giza eskubideak defendatzeko tresna gisa, Nafarroako 50 eragile baino gehiagoren aurrean; hain zuzen, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra POCTEFA 2021-2027 Europako programaren 1. deialdira proiektuak aurkeztu dituzten erakundeen ordezkariak ziren guztiak.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako foroa da Navarrefa, eta haren irekieran parte hartu du Ollo lehendakariordeak. Foroaren helburua da POCTEFAren informaziorako, kapitalizaziorako eta sare-lanerako Nafarroako gunea izatea. Hala, aurkeztutako proiektuen aurrekontua ahalik eta hobekiena gauzatzeko gakoak erakustera bideratuta egon da jardunaldia. Bestalde, hurrengo deialdietarako berrikuntzak ere iragarri dira, eta aurrekontuak ongi gauzatu izanaren adibide batzuk eman dira.
Bere hitzaldian, lehendakariordeak mugaz haraindiko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, ez soilik alderdi ekonomikoa eta finantzarioa kontuan hartuta, baizik eta “Europako balio demokratikoak eta giza eskubideak babesteko tresna gisa, mundu mailako egoera delikatu honetan, gorabidean dauden potentzien mehatxu ekonomiko garrantzitsuak daudela, baina batez ere barneko eta kanpoko hodei beltzengatik”.
Ollok azaltzen jarraitu duenez, “Nafarroak ez dio uko egin behar berezko ahotsa duen aktore politiko, ekonomiko eta sozial gisa jarduteari. Mugaz gaindiko eremuaz hitz egin behar du, eta, ikuspegi ekonomikotik ez ezik, ikuspegi politikotik ere hitz egin behar du”. Bukatzeko, bertaratutakoak animatu ditu Ollok “elkarrekin eraikitzera herri, auzo, hiri, enpresa eta elkarteetan, justizia soziala, garapen jasangarria eta elkartasuna oinarri dituen eraikin komun hau, Europa”.
Jardunaldian parte hartu dute, Ollo lehendakariordearekin batera, Iñaki Martínez de Vírgala Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendariak, Marina Roncal Eskualdeen arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren atalburuak, Amaia Armendariz eta Delphine Liégeois POCTEFA programaren kudeatzaileek, Antonio Martínez de Bujanda ANELeko zuzendariak eta Jon Echeverría Navarra Nuevo Futuro elkarteko proiektuen arduradunak. Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak itxi du ekitaldia.
POCTEFA 2021-2027 programa
POCTEFA 2021-2027 INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren akronimoa da. Programa hori lurralde-lankidetzarako Europako programa bat da, eta hiru herrialdeen artean mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortu zen. Batasunaren finantza-laguntzaren seigarren belaunaldia da jada, eremu horretako integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera bideratua. POCTEFAk Pirinioen bi aldeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako mugaz haraindiko lankidetza proiektuak finantzatzen ditu, mugaren itsasertzeko eremuak ere barnean hartuta.
Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) da programa kudeatzen duen agintaritza. Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez parte hartzen du elkarte horren gobernantzan. Nafarroaz gainera, partzuergo horretako kide dira Euskal Autonomia Erkidegoa, Aragoi eta Katalunia, hegoaldean; Akitania Berria eta Occitanie/Pyrénées-Méditerranée, iparraldean; eta Andorrako estatua.
Deialdi honetan, Nafarroak Europako 11 milioi funts jaso ditu mugaz gaindiko 35 lankidetza-proiektutara bideratuta, haietako batzuk oso esanguratsuak: euskal pilotaren inguruko mugaz gaindiko proiektu baten garapena, adimen artifizialaren bidezko uholdeen prebentzioa edo Larhun mendiaren ordenamendu jasangarria, besteak beste.