Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak parte hartu du Europako Proiektuak Sustatzeko eta Kudeatzeko Etengabeko Prestakuntzako ikastaroaren azken edizioko itxiera-ekitaldian; Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak eta NUPek antolatu dute ikastaroa
Foru Gobernuko Europako Proiektuen Bulegoa sortu zenetik, Nafarroak aurkeztutako proiektuak % 141 gehitu dira. Hala adierazi du gaur arratsaldean Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Europako Proiektuak Sustatzeko eta Kudeatzeko Etengabeko Prestakuntzako ikastaroaren azken edizioan, zeinean 40 pertsonak parte hartu baitute. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritzak eta NUPek antolatu dute ikastaroa lankidetzan, eta haren helburua da Europako proiektuak kudeatzeko prestakuntza egokia duten profesionalak izatea. Cristina Bayona NUPeko Ikasleen, Enpleguaren eta Ekintzailetzaren errektoreordeak zuzendu du ekitaldia, eta han izan dira, Ollo lehendakariordearekin batera, Sara Marcelino NUPeko Proiektuen Zuzendaritza Masterreko zuzendaria eta Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia ere. Itxiera-ekitaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arrosadiko campuseko El Sario eraikinean izan da, Iruñean.
“Foru Komunitateak jarrera sutsua izan du beti Europaren eraikuntzarekiko —adierazi du Ollo lehendakariordeak—, eta Nafarroako Gobernuak gure lurraldeari mesede egin dioten proiektu ugari bultzatu ditu. Zehazki, 2019tik, 17 milioi euro eta erdi baino gehiago bildu dituzte Nafarroako Gobernuak parte hartzen duen proiektuek. Denbora horretan, batez beste 25 proiektu aurkeztu dira urtero, eta ia erdiak irabazle gisa ebaluatu dira”.
Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruak interes handiko finantzaketa-aukerak eskaintzen ditu Nafarroako enpresentzat, bai eta Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileentzat eta Administrazioarentzat berarentzat ere. Lurralde-lankidetzako programetan (Horizon Europe, Digital Europe eta Life, besteak beste) adituak diren hainbat hizlarik prestakuntza teorikoa eman dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola Europar Batasunak ezarritako irizpideen eta eskakizunen arabera bideratzeko beharrezkoak diren gaitasunetan trebatzeko.
Prestakuntza teoriko presentzialeko 30 orduei (irailaren 5etik urriaren 17ra) beste 30 lan-ordu praktiko gehitu zaizkie, eta parte-hartzaileek, taldeka, beren proiektu-proposamenak prestatu zituzten. Proposamen horiek azken bi saioetan defendatu zituzten, azaroaren 21ean eta 22an.
Foru Ogasunari dakarkion itzulkin ekonomikoaz gainera, zifra horiek erakusten dute nafar funtzionarioek parte-hartze aktiboa izan dutela Foru Komunitatearen irudia kanpoan sustatzen, partzuergoaren Europako eskualdeetan nazioarteko bilerak eginez, Europako proiektuaren esparruan Nafarroan egindako ekitaldietan parte hartuz eta beste herrialde batzuetara joanez azterketak egitera, bai eta Europako erakundeekin bilerak eginez ere.
Aurkeztutako proiektuek % 141 egin dute gora
Ollo lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Nafarroako Gobernuko Europako Proiektuen Bulegoa sortu ondotik, Foru Komunitateak aurkeztutako proiektuen kopurua % 141 handitu da azken urteetan: 2020an aurkeztutako 17 proiektuetatik 2024an aurkeztutako 41 proiektuetara igaro da”.
Era berean, guztira ia 350 pertsonak jaso dute Nafarroan Europako proiektuen sustapenari eta kudeaketari buruzko prestakuntza espezifikoa 2019tik, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko langileek emandako edo landutako ikastaroen bidez. Ikastaro horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (INAP) Prestakuntza Zerbitzuak eskaini ditu, bai eta NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak ere, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak eta NUPek 2020an Europako Proiektuen Sustapenari eta Kudeaketari buruzko Etengabeko Prestakuntzako Ikastaroa sortu ondotik. Gainera, Nafarroak Bruselan duen Europar Batasunerako Bulego Iraunkorrak, Europako Proiektuen Bulegoarekin lankidetzan, finantzaketa-aukerei eta europar politikei buruzko onlineko mintegiak antolatu ditu, zeinek 2.773 pertsona baino gehiagoren interesa piztu baitute.
Europako Parlamentuaren Eskola Enbaxadoreak elkartu dira Europako eguberri-tradizioei buruzko baterako jarduera batean
- San Cernin Ikastetxean eginen da ekitaldia, eta FEC Vedruna Ikastetxea, Liceo Monjardin eta Teresianas ere han izanen dira.
- Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programaren helburua da gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea.
Iruñea, 2024ko abenduaren 11.- Nafarroako lau zentrok jarduera bateratua egin dute Europar Batasunari ikusgai jartzeko eta Europako Eguberrietako tradizioak ospatzeko. San Cernin ikastetxea arduratu da ekitaldia antolatzeaz, eta Europako Parlamentuko gainerako eskola enbaxadoreei ongietorria egin die, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasle guztiek interpretatutako ingelesezko eta frantsesezko bi eguberri-kantarekin. Jarraian, haur-hezkuntzako zentroaren sarreran jarri duten jaiotza aurkeztu dute, EBko hainbat herrialdetako Eguberrietako pertsonaia tradizionalez osatua. Horren ondotik, lau EEPetako enbaxadoreek eta enbaxadore juniorrek Hungaria, Islandia, Italia, Austria eta beste herrialde batzuetako tradizioak azaldu dizkiete txikienei ingelesez, alemanez, frantsesez eta espainolez.
Europar Batasunaren inguruko elkarbizitza jardunaldiari eta topaketari bukaera emateko, parte-hartzaile guztiek hamaiketakoa egin dute, eta Europako hainbat herrialdetan Eguberrietan tipikoak diren gozokiak dastatu dituzte, hala nola txokolate beroa, panetonea eta Sacher tarta.
Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programa Europako Parlamentuak sustatutako programa bat da, eta hartan sartuta daude lurralde Espainiako 117 eskola eta 50 eskola mentore. Ekimena bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzentzen zaie (DBHko 4. maila, Batxilergoko 1. eta 2. mailak eta LH), eta gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea du helburu, Europar Batasuna eta, bereziki, Europako Parlamentua aktiboki ezagutaraziz. Kontua ez da soilik Europar Batasunari buruzko datuak erakustea, baizik eta Europako herritartasuna esperimentatzeko aukera ematea ikasleei: Batasunak zer esan nahi duen eguneroko bizitzan eta zer egiten ahal den, etorkizunean Europa herritarrek nahi duten bezalakoa izan dadin lortzeko.