Mugaz gaindiko eskualdeak EBn garatzeko eta hazteko tresna berri bati (BRIDGEforEU) buruzko behin-behineko akordioa lortu dute Kontseiluko presidenteak eta Europako Parlamentuko negoziatzaileek.
Tresnari buruzko araudiaren bidez mugaz gaindiko eskualdeen garapenari lagundu nahi zaio, dituzten erronkentzako soluzioak erraztuz; halako erronkak dira, besteak beste, azpiegituren garapena eta mugaz gaindiko zerbitzu publikoen kudeaketa.
Behin-behineko akordioaren arabera, lehendik dauden aukerak osatuko ditu esparru juridiko berriak, eta barne hartuko ditu ondoko estatu kideen lehorreko mugetako eskualdeak eta itsasoko mugak.
Estatu kideek askatasuna izanen dute erabakitzeko mugaz gaindiko espedienteak izapidetzeaz arduratuko diren mugaz gaindiko koordinazio-puntuak sortuko dituzten; askatasunez erabakiko dute, halaber, mugaz gaindiko oztopoak nola konponduko dituzten. Mugaz gaindiko koordinazio-punturik sortu nahi ez duten estatu kideek informazio-betebehar mugatuak izanen dituzte. Uharte diren estatu kideak eskakizun horietatik salbuetsita egonen dira.
Erregelamendua ez zaie aplikatuko hirugarren herrialdeekin muga egiten duten eskualdeei, baina aukera zabaltzen du estatu kideek, estatuko legedian oinarrituta, antzeko prozedurak ezar ditzaten hirugarren herrialdeekiko lankidetzan mugaz gaindiko gaiak lantzeko garaian.
Legegileek adostu dute, halaber, zuzenbide publikoko eta pribatuko erakundeek bakarrik hasten ahalko dituztela mugaz gaindiko espedienteak, eta pertsona fisikoek ez dutela horretarako aukerarik izanen.