Eurobarometroak genero-estereotipoei buruz egindako inkestaren emaitzak argitaratu ditu Batzordeak. Emaitzek erakusten dutenez, oro har, EBko biztanleen ustez, genero-berdintasuna onuragarria da guztientzat. Hala ere, genero-estereotipo batzuek diraute zenbait alderditan, eta desberdintasunak detektatu dira estatu kideen eta adin-tarteen artean.
Zenbait testuingurutako genero-estereotipoen pertzepzioen ikuspegi orokorra eskaintzen du inkestak; hona hemen testuinguru horiek: etxea eta lana, politika eta lidergo-lanpostuak eta eguneroko egoeretako emakumeen eta gizonen arteko tratu-desberdintasunen pertzepzioak. 2009an, 2014an eta 2017an genero-berdintasunari buruz egin ziren antzeko inkesten atzetik etorri da inkesta hau.
Aurrerapauso positiboak lortu dira: inkestako lau partaidetik hiruk onartu dute gizonezkoek ere irabazten dutela genero-berdintasunarekin; eta EBko biztanleen % 90ek uste dute maila bereko garrantzia duela gizonak eta emakumeak ekonomikoki independenteak izateak. Hala ere, emaitza batzuek iradokitzen dutenez, genero-estereotipo batzuk mantentzen dira oraindik. Adibidez, inkesta parte hartu dutenen % 49k uste dute gizonezkoak berez ez direla hain eraginkorrak etxeko lanetan.
Gainera, emakumeek eta gizonek politikan dituzten gaitasunei buruzko jarrera estereotipatu batzuek gora egin dute 2017tik; izan ere, gaurko inkestak erakusten duenez, galdeketan parte hartu dutenen % 47k uste dute gizonezkoak emakumeak baino anbiziotsuagoak direla politikan. Hala ere, EBko eskalan, inkestatuen erdiak baino gehiago emakumeek politikan duten ordezkaritza urriari konponbidea jartzeko neurriak ezartzearen alde daude.