Europako Batzordeak 132 milioi euro bideratuko ditu, 2025ean, EBn eta mundu osoan nekazaritzako elikagai jasangarriak eta kalitate handikoak sustatzeko jarduerak kofinantzatzeko. Batzordeak 2025erako hartutako sustapen-politikaren lan-programa helburu honekin garatu da: merkatu-aukera berriak sortzea EBko nekazarientzat eta oro har EBko elikagai-industriarentzat, eta gaur egun duten negozioa bermatzen laguntzea. Programaren lehentasunetan, kontuan hartu dira jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren helburu orokorrak, bai eta elikadura-segurtasunaren alorrekoak ere, zeinak Batzordearen 2024-2029 aldirako orientazio politikoetan landu baitziren.
2025erako lan-programak EBren sustapen-politikaren 10 urte markatu ditu. Aldi horretan, Europako Batzordeak 600 kanpaina baino gehiago finantzatu ditu beste erakunde batzuekin batera, bere sinadura komunarekin — «Gozatu, Europakoa da»—, EBko nekazaritza- eta elikadura-produktuen izen ona EBn eta mundu osoan indartzeko.
2025ean hautatzen diren programetarako erabilgarri dauden zenbatekoak batasunekoak ez diren herrialdeetako eta EBko barne-merkatuko sustapenaren artean banatuko dira: 63,4 milioi euro eta 58,6 milioi euro, hurrenez hurren.
EBtik kanpo hazteko ahalmen handia duten eskualdeak eta herrialdeak identifikatu ditu lan-programak sustapen-merkatu nagusi gisa. Haietako batzuk dira Txina, Japonia, Hego Korea, Singapur eta Estatu Batuak. Erresuma Batua da oraindik ere EBko nekazaritzako elikagaien esportazio-merkatu nagusietako bat, EBko nekazaritzako elikagaien esportazioen % 20 baino gehiago jasotzen baititu.